Bihar abiatuko da 'Apirilean Musika'

Bergarako Musika eta Dantza Eskolak ekimenez betetako egitaraua prestatu du beste behin ere: ikastaroak, musika emanaldiak, elkartrukeak, musika kalean... Bihartik (martxoak 29) apirilaren 30era arte iraungo du ekimenak.

Duela hamahiru urte jarri zuen martxan Bergarako Musika Eskolak Apirilean Musika izeneko egitasmoa, Udalaren laguntzaz, "herritarrei ezohikoak diren ekintzak eta emanaldiak eskaintzeko helburuarekin", eskolako Marije Ugaldek azaldu duenez.

Hasieran astebeteko iraupeneko ekimena izaten bazen ere, gaur egun, halabeharrez, denbora tarte luzeagoa hartzen du, eta egunotan Musika Eskolan egiten duten lana ikustarazten dute. 

Aste honetako hitzorduak

Hala, egitarauaren izena Apirilean Musika bada ere, bihar bertan, martxoak 19, hasiko dira ekintzak. Nobedade batekin irekiko dute, gainera ziklo hau. Izan ere, lehenengoz Gazte Bandako kideak dantzan jarriko dituzte, Amaia Bernalen gidaritzapean.

Etzi berriz, eguena, 19:00etatik aurrera Musika Eskolako Big Bandaren emanaldia izango da Egon tabernaren kanpoaldean. Iaz ere egin zuten, eta orduko arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute.

Egubakoitzean, aldiz, ordu berean, kantu kontzertua izango da Mariaren Lagundiako elizan. 21 ikaslek hartuko dute parte, eta, Ugaldek azaldu duenez, errepertorioa musika estilo desberdinetako abestiez osatuta egongo da: pop, musikalak, barrokoa, opera... Izan ere, azaldu du gero eta jende gazte gehiago dabilela kantu ikasle, eta haien gustuak ere txertatu nahi izan dituzte.

Zapatuan, berriz, goizetik Irene Hernandok abesbatzendako antzerki eta koreografia tailerra emango du Musika Eskolan. "Abesteko beharrezkoa ikusten dugu espresioa, antzerkia eta dantza lantzea", adierazi du Marije Ugaldek, eta horretan laguntzeko antolatu dute tailer hori.

Egun berean, 11:00etan Suzuki taldeko neska-mutikoek kontzertua emango dute Zabalotegi aretoan. Hauen ostean, berriz, Irungo eta Bergarako biolontxelo ikasleen txanda etorriko da.

Asteburuarekin bukatzeko, domekan, Irene Hernandorekin beste saio bat izango da goizean, eta arratsaldez, 18:30ean hasita, Ahotsen soinua kalean! ekimena, Musika Eskolako Abesbatzaren eta Orfeoi Gaztearen eskutik. Seminarioko karpan egingo dute honakoa, eguraldi txarra iragarrita dagoela-eta.

Nobedadeak eta nabarmentzekoak

Aipatutakoez gain, beste hainbat emanaldi izango dira apirilean. Hilaren 4an, esaterako, hasiberrien abesbatzak Lip-Dub bat egingo du Musika eskolan, nobedade modura.

Egun berean, 19:00etan, punta-puntako biolontxelo kontzertua izango da Aroztegi aretoan. Lehenengoz erabiliko dute areto hau Apirilean musika! ekimeneko agertoki modura. Bada, bertan izango dira Juan Ignacio Emme, Maialen Egiazabal eta Ana Egiazabal. Lehena, Emme, Euskadiko Orkestrako biolontxelo bakarlaria da. Hortaz, antolatzaileek diote "luxu handi bat" izango dela hura zuzenean entzun eta ikusi ahal izatea. Ana Egiazabal Musika Eskolako irakaslea da, eta Maialen Egiazabalek berriz, haren ahizpak, Musikeneko azken urtean dihardu.

Egitarauak dakarren beste nobedade bat apirilaren 6an izango den Arratsalde bat operan! ekintza da.  BBCk produzitutako Carmen opera proiektatuko dute Zabalotegi aretoan, doan. Atsedenaldian luntxa ere izango dela aurreratu dute.

Bestalde, apirilaren 7an, musika tailerreko umeek ipuin musikatuen kontaketa bat egingo dute, gitarra ikasleez lagunduta. 18:00etan izango da, eta Txit oilo txikia eta katuak istorioa kontatuko dute.

Egitaraua

  • Martxoak 29, eguaztena

19:30 Gazte Banda Dantzan! Amaia Bernalek gidatuta, koreografiak. Musika eskolan.

  • Martxoak 30, eguena

19:00 Martxa kalera!, Bergarako Musika Eskolako Big-Bandarekin. Egon tabernan.

  • Martxoak 31, egubakoitza

19:00 Kantu ikasleen emanaldia. Mariaren Lagundiko elizan.

  • Apirilak 1, larunbata

09:30 Irene Hernandorekin, antzerki eta koreografia tailerra abesbatzentzat. Musika Eskolako Dantza aretoan.

11:00 Suzuki ikasleen kontzertua. Zabalotegi aretoan.

12:00 Irungo eta Bergarako Biolontxelo ikasleen kontzertua. Zabalotegi aretoan.

  • Apirilak 2, domeka

09:30 Irene Hernandorekin, antzerki eta koreografia tailerra abesbatzentzat. Dantza aretoan.

18:30 Ahotsen soinua kalean! Musika Eskolako Abesbatzak eta Orfeoi Gazteak. Seminarioko karpan.

  • Apirilak 3, astelehena

17:00-17:30 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.

17:30-18:00 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.

18:30 Trikitia eta perkusio ikasleen kontzertua. Musika eskolan.

18:30 Ikasle helduen kontzertua. Zabalotegi aretoan.

18:30 Biolin taldeak. Ospitaleko elizan.

19:00 BMEko Orkestrako haize taldea. Aroztegi aretoan.

  • Apirilak 4, martitzena

14:00-14:30 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.

17:00-17:30 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.

18:15 Hasiberrien abesbatzarekin lip-duba. Musika eskolan.

18:30 Pelikuletako musika. Gitarra eta piano ikasleekin. Zabalotegi aretoan.

19:00 Biolontxeloa: Profesionaltasuna konpartituz. Juan Ignacio Emme, Maialen Egiazabal eta Ana Egiazabal. Aroztegi aretoan.

  • Apirilak 5, eguaztena

18:30 Piano ikasleen kontzertua. Zabalotegi aretoan.

18:30 Tronpa eta klarinete ikasleen kontzertua. Musika eskolan.

18:30 Biolin, biola eta soka taldearen emanaldia. Ospitaleko elizan.

19:00 Txistu aldea. Aroztegi aretoan.

  • Apirilak 6, eguena

18:30 Musika kalera!. Bergarako kaleetan.

19:00 Goazen denok dantzara! Dantza taldeak, trikitia eta txistua. Bergarako kaleetan.

19:30 Arratsalde bat operan! Carmen operaren proiekzioa. Zabalotegi aretoan.

  • Apirilak 7, egubakoitza

18:00 Txit oilo txikia eta katuak. Musika tailerra eta gitarra ikasleak. Zabalotegi aretoan.

18:00 Flauta ikasleen entzunaldia. Musika eskolan.

  • Apirilak 8, Zapatua

11:00 Trikitilari, txistulari eta dantzariak: kalejira eta emanaldiak. Herriko kaleetan.

11:30 Organoa ezagutu ezazu! Organo ikasleak eta Joxean Pascual irakaslea. Santa Marina Elizan.

  • Apirilaren 19tik 23ra

Trikitilariak, akordeoilariak, txalapartariak, dantzariak eta albokariak Rianxora joango dira (A Coruña, Galizia) eta emanaldi ezberdinak eskainiko dituzte bertan.

  • Apirilak 26, eguaztena

19:30 Gazte Banda Dantzan! Amaia Bernalek gidatuta, koreografiak. Musika Eskolan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.