Buztinzale elkartekoak gustura bazkide berriak hartzeko egin duten tailerrarekin

Bergarako Buztinzaleak elkartean egin duten zeramika hastapen tailerra.

40 urte bete ditu Bergarako zeramika zaleak batzen dituen Buztinzale elkarteak; eta elkartearen jarduna herritarrei erakutsi, eta bide batez, bazkide berriei ateak zabaltzeko asmoarekin egin dute gaur amaitu duten tailerra. Asteleheneko Hemen Debagoiena saioan izango da erreportajea ikusgai.

Zabalotegi dorrean dute egoitza, eta gaur egun hamar bazkide inguru ditu Buztinzale elkarteak. Bazkide berriak hartzeko helburuarekin, elkarteko kideek txandakako irakasle lanak egin dituzte zortzi zapatutan egoitzara hurbildu direnei, zeramikaren oinarrizko teknikak erakutsiz. "Helburua egoitzan dugun materiala eta egiten dugun lana herritarrei erakustea izan da. Herriko eta kanpoko hainbat zeramika zale hurbildu zaizkigu, lehenengo aldiz buztingintzan jarduten zutenak, guztiak. Gustura jardun dute eta horietako batzuk gurekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute", azaldu du Iñaki Olabarriak, elkarteko kideak.

Urtean 70 eurotako kuota ordainduta, Olabarriak gaineratu du egoitzako giltzak jasotzen dituela bazkideak. "Behin giltza jasota, bakoitzak erabakitzen du gero noiz eta ze maiztasunez etorri. Bakoitza bere erritmora doa. Aukera oso ona da, eskura duzulako materiala eta baita behar duzun tresneria ere, horien artean, labea. Giroa ere, ona da gure artean; egunerokotasuneko erritmo azkar eta arduretatik ihes egiteko irtenbide aproposa da buztina lantzea. Etorri eta frogatu!". 

Erlazionatuak

Buztinzale elkartean hasi-berrientzako tailerra egin dute

Bergara

Zeramikaren oinarrizko teknikak erakutsi dizkiete elkarteko kideek zortzi zapatutan egoitzara hurbildu diren zale berriei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.