Goi mailako eta ezohiko zuzenekoa gaur Bergarako Zabalotegin

Cheatham eta Larburu aurreko emanaldi bateko kontzertu baten. Argazkia: Neighbor.

Neighbor-ek joko du gaur Zabalotegin (20:00), antzinako musika egiteaz gain zuzenekoak beste era batera bizitzen jarraitzeko asmoz sortutako taldea: "Musika gogoak ematen digun bezala jotzeko, aurreiritzi, arau eta hitz egin beharrik gabe". Sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Bestelako musika emanaldi batez gozatu gura duen herritarrak horretarako aukera bikaina izango du gaur, egubakoitza, Neighbor taldeak Zabalotegin (20:00) eskainiko duen zuzenekora hurbiltzen bada. Maite Larburu (Hernani) eta Josh Cheatham (Seattle, AEB) musikariek duela lau urte sortu zuten taldea Amsterdamgo auzo baten.

Askotariko instrumentuak

Hainbat taldetan antzinako musika jotzeaz gain ostean, Neighbor bikotea osatu zuten libre daudenean eurak konposatutako abestiak jotzeko: "Musika gogoak ematen digun bezala jo ahal izateko; aurreiritzi, arau eta gehiegi hitz egin beharrik gabe!". Beranduago batu zen Karlos Taroncher, eta gaur hirukote moduan etorriko dira Zabalotegira. Hainbat instrumentuak joko dituzte: ukelelea, gitarra, baxua, beste sokazko instrumentu batzuk, klarinetea, perkusioa... Instrumentu horiekin eta Larbururen ahotsarekin giro berezia sortu ohi dute emanaldietan. "Lozorroan daudenak amets egitera gonbidatuko dituzte", adierazi dute antolatzaileek.

Emanaldi gutxi Euskal Herrian

Gainera, bergararrak zortekoak dira Neighbor ez delako Euskal Herrian sarritan jotzen duen talde horietako bat. Bihar, zapatua, Ondarroan joko dute. Taldea sortu zutenetik bi disko kaleratu dituzte; 2013an Ura Patrikan argitaratu zuten; oso kritika onak jaso zituen.

Iaz, berriz, Hau izeneko diskoa kaleratu zuten, hamaika kanturekin. "Espero zitekeen bezala, disko dotorea da honako Hau, aurrekoaren ezaugarri behinenak gordetzeaz gain, areagotu, zorroztu egin dituena", esan zuen, diskoa kaleratu berri zela, Xabier Montoia abeslariak eta idazleak. Gaur Zabalotegi aretoan eskainiko duten kontzertuan bi diskoetako abestiak tartekatuko dituzte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.