Kanporaketa gainditzeko berdinketarekin nahikoa duen futbol taldea moduan sentituko dira Irribarria eta Rezusta orain momentuan. Nork daki partidu bat berdintzera jokatzen? Eta, pilota partidu batean lan erdiak eginda –hamaika tanto– konformatzea? Astean aipatu dute hamaika tanto nahikoa badira ere buruan 22ra iristea dutela. Olaizolak eta Untoriak, berriz, ezinbestean irabazi behar dute finalean egon gura badute.
Bengoetxea-Larunbe eta Elezkano-Zabaletaren arteko partidua zapatuan jokatuko dute. Lehenengoek irabazi egin behar dute, eta domekako emaitzaren zain geratu; bi bikoteetako batek ez ditzala lanak burutu. Elezkano-Zabaleta bikoteak ere aukerak ditu finalean egoteko, baina konbinazio zailagoa du.