Diskoko lehen 12 abestiak 2016ko otsailaren 13an Arrasateko Gaztetxean emandako kontzertu batean grabatu zituzten, eta gainontzekoak, berriz, aurtengo otsailaren 11n Bergarako gaztetxean emandakoan. Txapa irratiak zuzenean emititu zuen audioa da.
Ander Elortza taldekideak azaldu du hasiera batean diskoa Arrasateko kontzertuan grabatutakoekin osatzea zela asmoa: "Pistaz pista grabatu genuen, eta ondoren hori landu, soinua hobetu...". Diskoa kaleratzear zeudela, baina, Bergarako kontzertua atera zitzaien, eta Txapa Irratian kontzertua zuzenean eman zutenez, bertako abestiak ere gehitzea erabaki zuten.
Diskoa formatu digitalean kaleratu dute, eta Bandcampen entzun edo deskargatu daiteke.