Domekan, martxoak 19, Heroiak helduentzako antzezlana ikusteko aukera izango da Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Sarrerak zortzi eurotan salduko dituzte lehiatilan.
Txalo Produkzioen obra da honakoa, eta Begoña Bilbao da zuzendaria.
Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz aktore ezagunak dira antzezlan honetako protagonistak. Hiru gerra beteranoren papera jokatzen dute eurek.
Istorioko hiru protagonistak, Enrike, Gustavo eta Felipe, gerran soldadu aritutakoei zuzendutako zahar etxe berezi batean bizi dira. Batak errenka egiten du, beste batek agorafobia dauka, eta hirugarrenak, berriz, zorabioak izan ohi ditu sarri, gerra garaian buruan txertatuta geratu zitzaion metraila pusketa baten erruz.
Dena den, egoitzatik ihes egitea erabaki dute, artean nora joan pentsatu ez duten arren. Hortik abiatzen da antzezlaneko istorioa.