Familia harreraren figura zabaldu nahi dute Gipuzkoan, eta, horretarako, hainbat hitzaldi informatibo antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Kanpainaren izena Benetako besarkadak da. Babes beharrean dauden haurrak eta nerabeak etxean hartzeko prest dauden familiak topatzea dute helburu.
Hitzaldian parte hartuko du, besteak beste, Jose Maria Lezanak, Gipuzkoako diputazioko Familia Harrerako eta Adopzioko saileko arduraduna.
360 ume eta gazte
Gaur egun, Gipuzkoan 360 haur eta nerabe bizi dira harrera familiekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden haur eta nerabe hauei harrera egiteko prest dauden pertsona gehiago behar dituzte. Izan ere, 60 ume eta nerabe daude gaur egun harrera familia baten zain.