'Futbolariak eta printzesak', gogoetarako antzezlana

Eidabek Zabalotegin taularatuko duen ikuskizunak hausnarketa bultzatu nahi du genero rolen inguruan.

Domekan, martxoaren 12an, Futbolariak eta printzesak antzezlana izango da Zabalotegi aretoan, Eidabe antzerki taldearen eskutik, arratsaldeko seietan, eta sarrera lau euro kostako da.

Parekidetasunaren gaia jorratu eta nesken eta mutilen genero rolak zalantzan jartzen dituen antzezlana da honako hau.
Hausnarketarako aitzakia

Lur (Jon Zubiaga Osoron) eta Odei (Olatz Pagaldai) dira istorio horretako protagonistak, eta biek elkar nola ezagutu duten kontatzen dute antzezlanean.

"Odei apur bat atzerakoiagoa-edo da, integratua sentitu nahi duelako, batez ere. Lur, aldiz, justu kontrakoa da", azaldu du Pagaldaik. Antzezlanean umore ukitua ez da falta, eta erritmo bizia du.

Olatz Pagaldaik dio berez 7-13 urte bitarteko umeendako ikuskizun bezala aurkezten duten arren, eurek gomendatzen dutela gurasoekin edo familian ikustera joatea. Izan ere, antzezlan hau "parekidetasunaren gaia jorratzeko erreminta" izan dadin nahi dute. Gai "gordina" izan arren, antzezlanaren bidez "pisua kendu" nahi diote, umeen eta gurasoen artean ere horretaz berba egin dezaten.

Antzezlan arrakastatsua

Urtebete baino gehiago daramatzate Eidabekoek antzezlan honekin, eta harrera "oso ona" izaten ari da. "Zorion pila bat jasotzen ari gara, eta aste honetan, esaterako, egunero funtzio bat daukagu", dio Pagaldaik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.