Bergarako Sorturen kalera irteteko deia, datozen egunotako ekimenei begira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mar. 8a, 15:13
Bergarako Sorturen agerraldi bat Artatsen, artxiboko irudi baten. Argazkia: Bergarako Sortu.

Martxoaren 8aren bueltan antolatu diren ekitaldietarako, martxoaren 11n Bilbon egingo den torturaren aurkako manifestaziorako zein martxoaren 18an Arrasaten egingo den Euskaraz Bizi Egunerako deia egin dute, besteak beste.

Birsortu prozesua bukatu eta Bergararako ere "herri proiektu" baten oinarriak adostu ostean, Bergarako Sortu ekimen sorta prestatzen ari da Euskal Estatua eraikitzeko: "Bergara eraldatuz sozialki aurreratua izango den Euskal Estaturantz pausu zehatzak ematen nahi ditugu".

Martxoak 8

Martxoaren 8aren testuinguruan, Bergarako mugimendu feministak, Martxanterek, ikastetxe eta Udalarekin batera ekimen sorta antolatu dute. "Bergarak behar duen herri proiektuan gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzea ezinbestekoa denez herrian antolatu diren ekimen guztietan parte hartzeko deia egiten dugu. Etxetik hasita, jarrera matxistak gainditu, zaintza lan zein ardurak banatu eta indarkeria matxistari aurre egiteko garaia da", adierazi dute, ohar bidez.

Euskaraz Bizi Eguna

Bestalde, Bergarako Sortuk 2026rako eraiki nahi duen Bergara eta Euskal Estatua euskaldunagoa izatea nahi du: "Horretarako, euskara Euskal Herri osoan ofiziala eta lehentasunezkoa izan behar da, euskararen ezagutza eta gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea herritar guztioi bermatuz". Horren harira, bat egiten dute Euskal Herrian Euskarazek martxoaren 18an Arrasaten antolatu duen Euskaraz Bizi Egunarekin. "Bide batez, dei egiten diegu herritarrei gure hizkuntzaren defentsan mobilizatu eta euskaraz bizitzeko", gaineratu dute.

LOMCE legea

Martxoaren 22an eta 23an LOMCE legearen aurka mobilizatzera deitu du alderdi ezkertiarrak: "Madrilek inposatu eta Gasteizek txakur txintxoa bezala onartu. Hezkuntza, gure herriaren etorkizuna eraikitzeko tresna nagusia izanik Estatuek kontrolpean nahi dute: Madril eta Parisen erabakitzen dute Bergaran zein Euskal Herrian zer eta nola ikasi, Gasteizko gobernuak berriz guztiari amen. Aski da, gure herrian gure hezkuntza nolakoa izan behar den guk erabaki behar dugu". Sorturen arabera, irakasleek eskubidea dute baldintza duinetan lan egiteko eta ikasleek kalitatezko hezkuntza publikoa jasotzeko. Hezkuntza sistema propioaren alde, martxoaren 22an irakasleak eta martxoaren 23an ikasleak KALERA! Hezkuntza "euskaldun, hezkidetzaile eta askatzailea" nahi eta behar dugulako.

Torturaren aurkako martxoaren 11n

Era berean, martxoaren 11n Bilbon torturatuak izan diren milaka Euskal Herritarrek antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du Sortu. Autobusa antolatu dute; izena eman daiteke Arrano Tabernan.

Sarek antolatutako manifestazioak

Bide batez, euskal preso guztien etxeratzea ere eskatu dute: "Txantaiak, jipoiak, sakabanaketa,… Eguneroko ogia dira eta bereziki larria iruditzen zaigu larri gaixo diren Euskal Preso Politikoen egoera. Preso guztien etxeratzea eskatzen dugu, gatazka armatuaren amaieraren ondorio natural gisa. Zer esanik ez, kartzelan gaixo diren preso guztien berehalako etxeratzea ezinbestekoa da neurri humanitario gisa". Zentzu honetan, martxoaren 25ean Baionan eta Apirilaren 8an Donostian Sarek antolatu dituen mobilizazioetara joateko deia egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak