Domeka honetan, martxoak 5, bi pilota partidu izango dira Bergarako Udal Pilotalekuan, 17:00etan hasita.
Lehendabizi, nagusi mailakoen Udaberri txapelketako partidua jokatuko dute eskuz binakakoan: Gazteleku-Bergara. Aitor Bergarak eta Harri Oterminek osatutako bikoteak jokatu beharko luke, baina azkenengo hau gaixo dagoenez, aurrerago erabakiko dute berak ala Unai Zubizarretak jokatuko duen azkenean.
Euskal Ligako finalaurrekoa
Bigarren partidua, aldiz, gazte mailako Euskal Ligako finalerdia izango da. Bertan, Bergara Kirol Elkarteko ordezkari diren Murua eta Gartziak Adiskide taldeko bikotearen kontra jokatuko dute, eta finalera igarotzeko txartela eskuratzen ahaleginduko dira.
Normalki pilota partiduok egubakoitzetan jokatu ohi dituzten arren, Ander Murua, Bergaran jokatzen duen arrasatearra, eskuetatik "larri" dabilela azaldu du Reyes Azkoitia entrenatzaileak. Hori dela eta, ahalik eta ondoen osatu dadin denbora gehiago izate aldera, domekan jarri dituzte aste honetako norgehiagokak.
Lau t'erdikoa
Martitzenean, martxoak 7, Soraluce lau t'erdiko txapelketako beste bi partidu jokatuko dituzte Udal Pilotalekuan (19:30), bigarren finalerdiak, hain zuzen.
Promesen partiduan, Elola eta Alberdi izango dira aurrez aurre, eta nagusi mailan, berriz, Santxo eta Etxeberria.
Lehen finalerdian, promesetan Egigurenek eta nagusietan Peru Labakak lortu zuten finalerako pasea. Lehen partiduan Arangurenen partez jokatu zuen Egigurenek 22-15 menderatu zuen Picote -min hartutako Lerenaren partez aritu zen hau-, "partidu ona" jokatuaz, Reyes Azkoitiaren esanetan. Bigarren norgehiagokan, Peru Labakak 22-16 irabazi zion Eneko Labakari. Sakez egindako tanto asko izan ziren (lehenak 7 eta bigarrenak 6), eta Eneko Labakak egindako zapi hutsegiteek lagundu zioten Peruri irabazten, "ikusteko polita" izan zen partiduan.
Hala, lehen finalistak erabakita daude, eta martitzenean irabazten dutenek jokatuko dute finala martxoaren 14an.