Emakumeen Nazioarteko Eguna

Egun asko, egun baten bueltan

Julen Iriondo 2017ko mar. 3a, 15:11

Iazko kalejira performancea, Martxanterena.

Martxoaren 8a dela-eta hil osorako egitaraua antolatu dute Udalak, Martxanterek, ikastetxeek eta Jardunek. Udalbatzak onartutako adierazpenak emakumeek erabaki-guneetan duten lekuan jarri du arreta, eta talde feministak zaintza lanetan.

Asteleheneko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak adierazpen instituzionala, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Eudelen proposamena oinarri hartuta, EAEko alkateen %24,7 soilik dela emakumea dioena bezalako datuak ematearekin batera, Udalak bere egin du "beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan".

Hainbat konpromiso zehazten ditu adierazpenak; besteak beste –eta Elena Lete alkatearen esanetan aurtengo asmo nagusia–, Udalak zeharkako gai kontsideratzea berdintasunarena, eta hala gauza dadila askotariko esparru eta jardunetan.

Hori, Udalari dagokionez; Martxanterek, berriz, zaintza lanetan jarri dute fokua: "Eredu sozioekonomiko osoa sostengatzen duten eta ezkutukoak diren lanak dira zainketak. Ordaindutako zaintza lanak zein ordaindu gabekoak guztiz feminizatuta eta balioa kenduta daude, eta nork zainduko zaituen, nor zainduko duzun, zein baliabiderekin eta nola ez dira berez aukeratu eta gertatzen diren prozesuak; emakumea edo gizona izan, migratzailea izan edo ez, klase sozial apalekoa edo ez, elementu erabakigarriak dira". 

"Feminismotik, historikoki, ikusezina eta ezkutukoa den lanari" garrantzia aitortzeko egindako "ahalegin handiaren" haritik, "bizitza sostengatuko duen ekonomiaz" hitz egiten hasi nahi dute Martxanterek, eta horretarako ari dira sareak sortzen, herriko askotariko emakume zaintzaileekin harremanetan.

Ekintza ugari

Jon Abrilen Neskatoak dokumentalaren emanaldia iragartzen du egitarauak Martxoaren 8aren bueltan prestatutakoekin hasteko. Dokumentala da aurreko mendeko erdi aldera Baztan-Bidasoa ingurutik Ipar Euskal Herrira edo are urrunago neskame lanetara –eurentzat eta etxean geratutakoentzat dirua lortzeko– joandako emakumeei buruzkoa. Zuzendariarekin solasaldia ere izango da.

Emakumeen Nazioarteko Eguna, berriz, Berdinkatea-rekin hasiko da. Herriko ikastetxeak lotuko dituen ordu laurdeneko giza katea izango da, eta ondoren manifestua irakurriko dute ikasleek plazan: "Egitasmoaren helburua da Martxoaren 8aren inguruan aurretiaz ikasleekin hausnarketa bat bultzatzea eta egunean bertan ikasle eta irakasleak berdintasunaren aldeko aldarrian inplikatzea", dio Udaleko Prebentzio eta Berdintasun teknikari Onintza Larrinagak.

Martxanteren arratsaldeko kalejira performancean, berriz, zaintza lanen gaineko "kezkak" azalduko dituzte herriko hainbat txokotan egingo dituzten geldiuneetan. Kalejiraren amaieran, lore landaketa egingo dute, zaintza lanetan aritzen diren emakumeen omenez.

'Emakumeen etxea' erakusketa

Martxoaren 8aren bueltako aurtengo egitarauko gauza berezietako bat da 30 emakume artistaren –ia denak herrian jaiotakoak edo bertan bizi direnak; eta Arrasateko bat eta Eibarko bat– lanekin osatutako erakusketa.

Etxebizitza baten itxura hartuko du Aroztegi aretoak, ohiko banaketarekin, eta leku bakoitzean bertan egiten diren lanekin edo jarduerekin zerikusia duten obrak jarriko dituzte: "Sukaldean otorduekin edo ontziak garbitzearekin lotutakoak; logelan, sexualitatearekin, amatasunarekin edo intimitatearekin lotutakoak; bainugelan, higienearekin lotutakoak...", dio erakusketa antolatzeaz arduratu den Martxanterak taldeko Julia Pajaresek. Lan gehienak margolanak eta argazkiak izango dira, baina badira eskulturak eta bideoak ere: "Artisten artean emakume helduak daude, gazteagoak ere bai, eta lanetan eta ikuspegietan aniztasun handia egongo da".

Aipatutako jardunei bezala, emakume artisten lanari ikusgarritasuna ematea ere bada erakusketaren helburua: "Hori oso zaila izaten da askotan, eta are gehiago landa eremuetan", dio Pajaresek. Erakusketa hurrengo egubakoitzetik –hilak 10– apirilaren 2ra egongo da ikusgai. Inaugurazio egunean ekitaldi berezi bat, "sorpresa bat", izango dela iragarri dute Martxanterek, 19:00etan hasita.

Gainerako ekintzak

Zapatuan –hilak 11–, festa feminista izango da: 19:00etan plazan hasita, zumba-poteoa egingo dute; ikastaro ibiltaria izango da. 22:30ean, berriz, Bilboko Serpiente musika taldea, eta ondoren Martxanterak VJ –bideoa eta musika–, gaztetxean.

Domekan, Eidabe konpainiaren Futbolariak eta printzesak antzezlana ikusteko aukera egongo da Zabalotegin. "Topiko sexistekin hautsi nahi duen komedia azkarra" da, neska izateari edo mutil izateari egozten zaizkien arauak bete nahi ez dituzten protagonistekin. Galder Perez da zuzendaria, eta  Jon Zubiaga eta Olatz Pagaldai aktoreak.  7 eta 13 urte artekoentzako antzezlana da, eta 4 euro balioko du sarrerak.

Hilaren 15ean, askotariko jatorrietako emakumeen te hartzea egingo dute plazan, "elkar ezagutzeko eta harremanak sustatzeko", Auzokoko Maddi Aspiazuren arabera. 20:00etan, berriz, ¡Cuidado, resbala! izeneko dokumentala emango dute zine-klubean, zaintza lanei buruzkoa, Circulo de Mujeres elkartearena.

Martxoaren 18ko Vocalia abesbatzaren emanaldia ere egitarauko parte da, eta baita hilaren 27ko hitzaldia ere: Feminismoa eta euskara bidaide izenburupean jardungo dute Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek. Izan al zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Eta euskaltzale feminista izan gabe? galderei erantzuten saiatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak