Mikel Aristi: "Indartsu ikusi dut nire burua"

Xabier Urtzelai 2017ko ots. 28a, 14:42

Mikel Aristi podiumean, atzoko etapan. Gaur lidergoari eutsi dio. tropicaleamissabongo.com

La Tropicale Amissa Bongo lasterketako bigarren etapan Mikel Aristik atzo lortutako liderraren maillotari eutsi dio, bigarren sartu da-eta helmugan. Hala, esprintean atzoko azkarrenak egon dira gaur ere, baina oraingoan Tony Hurel (Direct Energy) izan da onena, atzo bigarren helmugaratu zena. Oraingoz bi lagun horiek dira tropeleko azkarrenak. "Esprintean indartsu ikusi dut nire burua" esan dio Goienari.

Mikel Aristik atzo lortutako mailot horiari eutsi ahal izan dio gaur, Leconi eta Franceville artean egindako etapa ere esprintean erabaki dutelako, eta atzoko protagonista berberak izan direlako gaur ere aurrean, baina oraingoan Hurel frantziarrarendako izan da garaipena. Datozen egunotan izango dituzten atapak ikusita –domekan amaituko da astebeteko itzulia– Bergarakoak oraindik etapa garaipen gehiagoren borrokan ibiltzeko aukera izango du. 

"Oso etapa zoroa izan da"

Aristik atzoko etapa amaitu eta GOIENAri egindako adierazpenetan azpimarratu zuen lasterketan ihesaldi saiakera asko izan zirela: "Oso etapa zoroa izan da, hasieratik egon dira-eta ihesaldi ahaleginak. Hala, azken kilometroetan eraso horiek areagotu egin dira eta horrek asko gogortu du lehenengo etapa. Batez ere Energy Direct-ekoen partetik etorri dira ihesaldi ahaleginak, tartean egon da Thomas Voeckler, baina azken metroetara batera iritsi gara, esprintean sartu gara, eta hor indartsu ikusi dut nire burua".

Bihar, eguaztena, Mounana eta Koulamoutou arteko 157 kilometroko etapa izango dute ziklistek. Lehenengo 100 kilometroak nahiko menditsuak dira, baina azken 57 kilometroetan lauagoa da ibilbidea.

Eta, domekara arte geratzen diren etapak ordekan egingo dituzte [Hemen].   

Kontrario gogorrenak, Direct Energykoak

Lasterketan Afrikako 10 selekziotako taldeak egotearekin batera, profesional mailako bost talde daude. Eta, horiek dira ziklista indartsuenak dituztenak, batez ere Direct Energyk. Talde horretan daude, besteak beste, Thomas Voeckler, Tony Hurel eta Alexandre Pichot. Bada, afrikarrekiko errespetu osoz –etxean egonda protagonista izan gurako dute– talde profesionalen arteko lehia egongo da aste honetan, eta hor, Aristiren taldekideek eta Energy Direct-ekoek izango dute borroka estuena.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak