Udaberriko Txapelketako eta Euskal Ligako partidu bana jokatu dituzte Bergaran

Eta bietan Bergarako ordezkariak izan dira nagusi. Udaberri Txapelketan alebin mailako Maddi Berrocalek eta Josu Lazpiurrek 16-14 irabazi dute; eta, Euskal Ligan Ander Muruak eta Markel Gartziak 22-12. Emaitza horrekin, azken horiek, txapelketako finalerdia Bergaran bertan jokatuko dute, hurrengo aste bukaeran.

Hiru partidu aurreikusten ziren gaur goizerako. Baina, Aratusteak tarteko, bi bakarrik jokatu dituzte.

Udaberri txapelketako alebin mailakoa izan da lehena. Bergarako ordezkariek Goierri elkarteko Julen Armaolearen eta Oier Plazaolaren kontra neurtu dituzte indarrak, 16 tantotara. Partidua parekatua izan da. Hasieran Goierriko bikoteak hartu du abantaila (0-5). Baina, ostean, etxeko pilotariek hartu diote neurria lehiari eta ez dute hutsik egin.

Euskal Ligakoa

Munizipalean jokatu den bigarren partidua Euskal Ligakoa izan da. Ander Muruak eta Markel Gartziak partidu inportantea irabazi dute. Izan ere, Lemoako Martitegi-Aurrekoetxea bikoteari 22-12 irabazita, txapelketako finalerdia, etxean, Bergaran jokatzea lortu dute.

Lehia hori ere parekatua izan da hasierako tantoetan. 7-4 eta 8-7 aurreratu dira etxekoak. Muruak eta Gartziak partiduari neurria hartu dioten heinean, Lemoako bikoteak lekua eta indarrak galdu ditu. Norgehiagokaren bigarren zatian aise nagusitu da Bergarako bikotea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.