Bergarako Musika eta Dantza Eskolako dantzari, txistulari eta trikitilariek Sorgin dantza eskainiko dute gaur, 19:00etan San Martin plazan hasita. Hartza ere aterako da, domadorearekin. Horrez gain, Aratusteetan ohikoak diren txerrikiekin egindako pintxoak egongo dira hainbat tabernatan.
Publiko kopuruari dagokionez, arrakasta ziurtatuta du, bestalde, biharko Aratusteetako kontzertuak –ordu gutxitan saldu ziren sarrerak–. Udal Musika Bandako eta Orkestra Sinfonikoko musikarien, antzezleen, Aritzeta abesbatzakoen eta Debako Kulunka dantza taldekoen artean, 180 lagun inguruk hartuko dute parte saioan: "Aurten komedia egin nahi izan dugu; road-movie bat asmatu dugu, errepideko istorio bat. Cadizetik dei bat jasoko dugu, gure ikuskizuna han ikustea nahi dutela-eta, eta harako bidaiako –autobusez– abenturak kontatuko ditugu", dio gidoia egin duen Manu Diazek.
Biharko mozorro bazkarirako, berriz, 82 lagunek eman dute izena. Bertako produktuekin egindako menua dastatu bitartean, Kolpez Blai perku-show taldeko kideek girotuko dute Aranzadi ikastolako gimnasioa, 13:00etan hasita herriko kaleak bezala.
Kontuan hartu beharreko hurrengoak izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldiak. Bi saioetarako daude oraindik sarrerak –6 eurotan–; beraz, Tipi-tapa, korrika! ikuskizunerako leihatila 15:15ean irekiko dute frontoian. Eta saiootarako bezala egubakoitzeko kontzerturako oharra eman du Udalak, eserlekuetan eseri beharko dela publikoa, debekatuta dagoela zutik egotea eta eskaileretan esertzea.
Ekitaldioz gain, askotariko kalejirak eta musika izango dira, bai bihar eta baita martitzenean ere. Kalejirei dagokienez, erraldoi, kiliki eta buruhandien konpartsarena, batukada eta Musika Eskolako gazteen bandarena; lehenengo biak San Martin plazan hasita –eta amaituta, buruhandien kasuan–, eta Musika Eskolan hasita eta amaituta, hirugarrena. Zapatuko erromeria eta martitzeneko Gauargiren DJ festa ere San Martin plazan izango dira.