Herriko ikastetxe guztiak, Jardun, Caritas, San Joxepe, Aspace, Martxanterak, Kattalin, Pol Pol taldea eta Bergara Kirol Elkartea bildu dira hiru hilabeteotan eta honako gai hauek lantzea adostu dute 2017rako.
- Gazteen osasun hezkuntza lantzea. Erakunde, ikastetxe eta eragile guztiekin elkarlanean alkoholik eta drogarik gabeko bizimodua sustatu gura dute, eta horien inguruko informazioa eman adierazi dutenez: "Gazteei eman behar zaie erantzukizuna, arazoa dagoela onar dezaten eta denen artean, drogak eta alkoholak Bergaratik baztertzeko".
- Osasun maila hobea lortzeko herriko zerbitzuak ezagutzera ematea. "Herriko pertsona edota taldeen beharrak hobetu edo asetzen dituzten talde eta eragileek eskaintzen dituzten zerbitzuak zenbat eta herritar gehiengoenera iritsi, parte-hartzea eta emaitza hobeak izango dira", adierazi dute sareko kideek.
- Herriko bidegorriak egokitzea. "Gizon zein emakume ugari ibiltzen dira pasieran herriko bidegorrietatik baina askok, komun baten beharra izaten dute. Denen eskura komuna izatea pasierako lekuetan funtsezkoa da ibiltzen eta ariketa fisikoa egiten jarraitzeko", diote.
Elena Lete Bergarako alkateak, bere aldetik, honakoa adierazi du: "Bergarako Tokiko Osasun Sarea helburu zehatzik gabe hasi bazen ere, bileretan agertutako beharrei erantzuteko gai dela adierazi du. Eragile eta erakundeen arteko parte-hartze eta elkarlanarekin, Bergara osasuntsuago eta zoriontsuago bat egiten ari gara".