Laugarrenez antolatu du Lokatzak ume eta gazteendako bizikleta festa Bergaran. Pasa den astebukaeran Antzuolan aurreneko aldiz antolatu zuten, eta gaur, Bergaran, arrakasta izan du ekimenak. Izan ere, adin-taldeka sailkatuta itzuliak egin dituzte Seminarioko patioan prestatutako zirkuituan.
"Oso ondo joan da eguna. Ehun ume baino gehiago batu dira. Lan hau hemendik urte batzuetara Lokatzan nabarituko dugula uste dut, jendea animatuko dela. Umeek ondo pasatzen dute eta guk ziklismoa beste aukera bat dela erakusten diegu", azaldu du Lokatzako presidente Ion Unamunok.
Gainera, Bergarako hiru ziklista profesional, Eneko Lizarralde, Mikel Aristi eta Julen Irizar, eta baita Aritz Kortabarria eta Mikel Arregi amateurrak, umeekin egon dira argazkiak ateratzen.