Gaur, egubakoitza, otsailak 17, Natalia Mongek zuzentzen duen Organik konpainiaren Txapeldun dantza eta antzerki ikuskizuna izango da Zabalotegi aretoan. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak lehentxoago irekiko duten leihatilan erosi daitezke, bakoitza zortzi euroren truke.
Batez ere gazteei eta helduei zuzendutako ikuskizuna da Zabalotegin taularatuko dutena. 50 minutu inguruko iraupena du, eta diziplinarteko emanaldia izango da, testua, zuzeneko musika, bideo-proiekzioak eta umorea uztartzen dituena.
Musika, dantza eta antzerkia
Txapeldun ikuskizunean Eneko Balerdi dantzaria da protagonista nagusia, eta dantzaz gain antzerki interpretazioa ere jorratzen du. Natalia Monge Organikeko zuzendariaren esanetan, "taularen gainean bakarrik egoteko, interprete indartsua behar du izan, eta horrelakoa da Balerdi". Bere interpretazioa gorputz mugimenduetan eta keinuetan oinarritzen da, horixe baita Organiken ezaugarri bereizgarria.
Organik taldeak Valentziako El Pont Flotant antzerki konpainiarekin kolaboratu du ikuskizun honetan. Estatu mailan zein nazioartean kritika oso onak jaso dituen laukote sonatua da El Pont Flotant.
Horrez gain, baina, Kepa Junkera musikari bilbotar famatua arduratu da ikuskizunerako musika originala sortzeaz, Eneko Balerdi interpretearekin batera. Junkerak, era berean, musikari moduan parte hartzen du ikuskizunean bertan. Hala, trikiti doinuak izango dira nagusi soinu bandari dagokionean.
Lehiakortasunaz hausnarketa
Izenburuak adierazten duen moduan, ikuskizunak txapeldun baten bizipenak kontatzen ditu taula gainean, euskal pilota oinarri hartuta, nahiz eta, errealitatean, lehian eta irabaztean oinarritzen den kirolaren mundua orokorrean ordezkatzeko aitzakia den kirol hau. Emanaldi onetan, baina, txapeldun horren gloria uneak eta arrakastak ez ezik, kontrako aldea ere erakusten dute: bakardadea, presioa, beldurrak eta hauskortasuna.
Bada, ikuskizun horrekin bi galdera plazaratu nahi diete ikusleei, horiei buruz hausnartu dezaten: Zer esan nahi du txapeldun izateak? Zergatik nahi dugu irabazi?
Organikek proiektu honekin "konpainia sendotzea eta estatu mailan zein nazioarteko mailan zabaltzea" gura du, hamar urtetik gorako ibilbidearen ostean.