Georges Bizet musikariaren Carmen opera ospetsua taularatu zuen atzo Opus Lirica konpainia donostiarrak Kursaalen. Sarrera guztiak agortuta, beteta zegoen auditorioan abestu zuen 40 laguneko abesbatzak eta tartean ziren Marije Ugalde, Nere Ibarra eta Karlos Etxaniz bergararrak eta Bergarako Musika Eskolako ikasle den Edurne Laskurain eibartarra.
Operako abesbatzako kide ziren laurak. Argitu behar da, opera honetan abesbatzak protagonismo berezia duela, izan ere, operak irauten duen bitarte ia osoan dago taula gainean eta ez hori bakarrik, etengabe dago, antzezten: "Etengabe gaude mugitzen, dantzan, antzezten... Protagonismo berezia du obra honetan abesbatzak. Guretzat ez da zerbait berria, aurrez ere badugulako esperientzia musikaletan baina atzokoa berezia izan zen oso", adierazi du Etxanizek.
Ikuslearen erantzun bikaina
Protagonistak fin eta ondo aritu ziren eta ikusleak ere horrela erantzun zuen. Txalo mordoa jo zituzten. Ez bukaeran bakarrik, abesti bakoitzaren bukaeran txalotzen zuen ikuslegoak. Ederra izan zen.
Carmenen indarra
Obrako protagonista nagusiak ez dira Euskal Herrikoak. Don Jose-rena egiten duena Eduardo Sandoval murtziarra da eta Carmen, Maria Jose Montiel madrildarra. Montiel mezzosopranoa da, eta bikaina, kantuan interpretazioan.
Bihar 19:00retan egingo dute bigarrenez Carmen, Kursaalen hori ere.