Bihar –zapatua–, 20:00etan, da lehenengo emanaldia. 8 euroren truke egongo da Zabalotegin Eromen Produkzioak konpainiaren Sweeney izeneko antzezlana ikusteko aukera. Helduentzako saioa da.
Benjamin Barker izeneko protagonistaren gainekoa da antzezlana: "Hamabost urtez kartzelan egon ondoren, bere herrira itzultzen da bere familiaren bila. Inork ezagutu ez dezan, Sweeney Todd izenarekin itzultzen da. Baina bertan topatuko duena ez da atzean utzi zuen bizitza". Aktore pilatxo batek dihardute antzezlan honetan, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean.
Domekan, berriz, 18:00etan hasiko da, toki berean, Txalo taldearen Magia lapurra antzezlana; kasu honetan, haurrei zuzenduta, eta 4 euroko sarrerarekin: "Dorleta neska gazteak magiarako zaletasun handia du eta, bere ilusioa betetzeko asmoz, casting batera aurkeztuko da, mago laguntzaile izateko probara, alegia".