Hasi dira ataria konpontzeko lanekin Bolua 59.an

Maite Txintxurreta 2017ko ots. 7a, 13:23
Atariko pareta apurtuta, maldaren aldean

57. atariko bigarren pisuko bizilagunak eta 63. atarikoak euren etxeetara itzuli ahal izan dira. Bestetik, 59.ko zenbait bizilagun haien etxeetara sartu ahal izan dira, hauek barrutik ikusi eta hainbat gauza ateratzera.

Bigarren pisuko bizilagunek aipatu dute haien etxeetan ez dagoela kalte nabarmenik. Aldiz, kaltetuenak lehenengo pisukoak dira. Dena den, lehenengo pisuko etxebizitza horien artean, bazen bat joan den astean artean ur asko zeukana barruan. Orain, baina, lokatza bakarrik gelditzen da, suhiltzaileek ura atera baitute.

Hala, lehen pisuko bizilagun bat ezin izan da etxean sartu; izan ere, barrutik horren kaltetuta ez dagoen arren, kanpoaldean ur dezente dauka pilatuta, eta atea ireki ezkero ura eta lokatza sartuko litzateke.

Peritua gaur etxe guztietan sartzekoa zen arren, komunikazio arazo baten ondorioz ezin izan du, goizegi azaldu direlako bera zein bizilagunak eta oraindik ingurua ez zegoen prestatuta.

Atariaren egoera

Atariari dagokionean, maldako aldean, eskaileran, maldaren aldeko paretan dagoen zulo handia da nabarmentzekoa. Luizia gertatzean, pareta apurtu zen, eta bertatik sartu ziren ura, lokatza, harriak eta enborrak.

Horrez gain, lokatza dezente dago eskaileretan pilatuta, eta langileak hori erretiratzen dihardute. Bestalde, eskaileren barandak ere haien tokitik aterata edo apurtuta zeuden, eta horiek atera egin behar izan dituzte.

Diru-laguntza udaletik

Bestalde, 2017ko udal aurrekontuan –urtarrilaren 30ean onartu zituzten osoko bilkuran– oposizioaren proposamenetarako aurreikusita zeuden 80.000 euroak Boluko beharretara bideratzea erabaki dute alderdi politikoek, adostasunez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak