Desfibriladorea jarri dute Bergarako Pol Pol tabernan

DOC izeneko desfibriladorea jarri dute Bergarako Pol Pol taberna ezagunean. Eta bederatzi lagunek jaso dute trebakuntza hori behar bezala erabili ahal izateko.

B+Safe Almas Industries enpresak jarri du desfibriladorea Bergarako tabernan, eta helburua da inork bihotzeko arazoren bat izanez gero horri erantzuteko baliabideak izatea: "Lehenengo bost minutuak dira garrantzitsuenak eta azken finean anbulantzien azkartasuna ez da beti zehatza izaten", jakinarazi dute B+safe enpresako ordezkariek. Tabernako kideek bihotz-suspertze trebakuntza jaso dute (RSP) baita desfibriladore erdi automatikoak (DESA) zelan erabili argibideak ere, halako kasurik gertatuz gero erantzuten jakiteko.

Desfibriladorea izateko obligaziorik ez du tabernak baina Dunixi Olabarria jabeak, arazo publikoa dela jakinik, bizkor erantzuteko baliabideak izan gura ditu. Hala, bezeroendako zein inguruan horren beharra duten herritarrendako eskura izango dute desfibriladorea Pol Pol tabernan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.