Kanariar uharteetatik etorritako ikasleak Bergaran izan dira

Kanaria Handiko Las Palmas hiriburuko Felo Monzon Grau Bassas institutuko ikasleak Laboratorium Museoa eta herriko erdigune historikoa bisitatzen izan dira gaurkoan. Batxilergoko zientzietako ikasleak dira, eta interesez aditu dituzte euskal ilustrazioari buruz turismo bulegoko gidek emandako azalpenak.

"Duela bi hilabete etorri nintzen Laboratoriumera nire anaiarekin, eta benetan interesgarria iruditu zitzaidan; hala, nire ikasleei kontatu nien hemen ikusitakoa, eta haiek eskatu zidaten irteera bat antolatzea", azaldu du duela hogei urte baino gehiago Felo Monzon Grau Bassas institutuan irakasle lanetan diharduen Trini Vigil Escalerak. Hala, "konturatzerako" Bergaran zeuden ikasleak.

Bidaia aprobetxatuaz, Euskal Herriko hainbat toki bisitatu dituzte: Zumaiako flyscha, Getaria... eta bihar Bilbo aldera joango dira.

Gaurkoan, bi taldetan banatu dira Bergaran bisita gidatuak egiteko. Hala, batxilergoko lehenengo mailakoek Laboratorium museoa bisitatu dute lehenik, eta bertan Bergarako Errege Seminarioko altxorrak ikusi eta Euskal Ilustrazioari buruzko azalpenak jaso dituzte.

Beste taldeak, aldiz, herriko erdigune historikoan zehar bisita gidatua egin du. Hala, besteak beste, Goenkale, Barrenkale eta Artekale edota Irizar jauregia bisitatu dituzte. Bisita horretan, esaterako, erdi aroko Bergara nolakoa zen azaldu diete eta karlistadei buruz eta Bergarako besarkadari buruz gehiago ikasi ahal izan dute.

Ikasleak interes handia azaldu dute, eta diotenez, ikusitakoarekin pozik itzuliko dira bihar euren etxera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.