Nobedadeen zain daude Bolu kaleko bizilagunak

Euren etxeetatik kanpo jarraitzen duten kaltetuetako batzuek haien etxebizitzetan beharrezko gauzen bila sartzeko aukera izan zuten egubakoitzean. 59koen kasuan, aldiz, ataria oso kaltetuta dago, eta ez eurak ezta peritua ere, ezin dira sartu oraindik.

Urtarrilaren 16an Bolua auzoan gertatutako lur-jausiaren eraginak oraindik ere jarraitzen du, eta kaltetutako zazpi familiek oraindik ez dakite noiz itzuli ahal izango diren etxera.

Udalari ordezko etxebizitza eskatu zioten lau familiak honezkero sartu dira etxe horietan bizitzera. Izan ere, giltzak joan den astean jaso bazituzten ere, horietako bik arazoak izan dituzte etxeko hornidurekin, eta behin horiek instalatuta, egubakoitzean sartu ahal izan ziren.

Joan den egubakoitzean etxetik kanpo jarraitzen duten familia horietako batzuk euren etxeetan sartzeko aukera izan zuten beharrezko dituzten gauzak ateratzera, udaltzainen laguntzaz. 59. atarikoek, aldiz, ezin izan zuten sartu, ataria eta bertako eskailerak egoera kaxkarrean daude-eta. Dena den, suhiltzaileen laguntzaz atera ahal izan zituzten euren gauzak.

Suhiltzaileak balkoietatik sartu ziren, eskailera bat erabiliaz. Haiek grabatutako irudiek erakusten dute etxebizitzak urez beteta daudela oraindik.

Bada, 59. atariaren egoerak peritua sartzea ere galarazi zuen, suhiltzaileen gomendioz. Atariko komunitateko presidente Karlos Etxanizek dio perituaren azterketa horren zain daudela orain, ahalik eta lasterren jakin nahi baitute ea aseguruak bere gain hartuko dituen kalteak.

Segurtasunagatik, etxetik kanpo

59koekin batera, 57, 61 eta 63 atariko bizilagunek ere haien etxeetatik kanpo jarraitzen dute. Azkenengoen kasuan, etxeetan ez dago bertan bizitzea eragotziko lukeen moduko kalterik, sartzeko aukera izan zuen Maite Agirre zinegotziak azaldu duenez. Dena den, Agirrek argitu du segurtasuna bermatzea dela bertako bizilagunak etxetik kanpo mantentzeko erabakiaren arrazoia.  

Makina berezia lanerako

Bestalde, maldan egiten diharduten lanei dagokionez, aste honetan zehar etxearen atzealdean pilatuta geratutako lokatza eta arramak kentzeko makina berezi bat ibili da lanean. Lanen zailtasuna zela-eta, Bizkaitik makina berezi bat ekarri behar izan dute, goiko trenbidetik lan egin duena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.