Urtarrilaren 25a da San Paulo eguna eta orduantxe hasi zituzten jaiak, baina aste bukaerak aukera eman die Uberako auzokideei eta ingurukoei behar bezala ospatzeko. Mokadutxoarekin egin zieten ongietorri atzo Mari Juxtari eta Pedro Joxeri auzotarrek, eta ondoren bertso afaria izan zuten Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariak lagun hartuta. "Mundiala izan zen afaria eta asko ordu txikiak arte izan ginen", jakinarazi du Karmele Alkaiaga auzotarrak.
Hiru umeri zapiak
Gaur, biharamunak alboratu, eta berriro elkartu dira. Lehenengo jolasak izan dituzte neska-mutikoek eta ondoren, zapiak jarri dizkiete 2016an jaiotakoei. Hiru umek jaso dituzte: Lur Alustiza, Maddi Milikua eta Maddi Elexpuru. Tortilla eta tarta lehiaketa ere egin dituzte, eta ondoren, paella bazkaltzeko eseri dira mahaiaren bueltan auzotarrak.
Bihar bukatuko dituzte jaiak Bergarako txistularien dianarekin eta Moises Azpiazu dantza taldearen emanaldiarekin.