"Aurrekontu hauek pobrezia egoeran daudenak baztertu eta bergararren arteko kohesioa apurtzen dute, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortuz", jakinarazi du Irabazi Bergarak eta gaineratu, zerbitzu sozialak, ingurumena eta auzoak "beste urte betez kaltetuenak" izango direla. Horregatik, aurrekontu horiek bertan behera utzi eta aurrekontu berri batzuk zerotik lantzeko mahai bat sortzeko proposamena egingo diola udal gobernuari iragarri du.
Era berean, Irabazi Bergarak zera adierazi du: "Agintaldiko urte eta sei hilabete pasa ondoren, herriko diagnostiko zehatz bat falta dugu, eta ez ditugu diagnostiko honetatik irten daitezkeen arazoei aurre egiteko mahi sektorialak. EAJ-PSEk udaletxea euren kortijo propioa bihurtu dute, bertan egiten diren politikak ordezkatzaileak direlarik eta ez parte hartzaileak".
Gaineratu du "aurreko mendeko politikekin, nekez egingo diotela aurre" aldaketa klimatikoa bezalako erronkei: "Badirudi, aurrekontu hauek ikusita, aldaketa klimatikoak ez diola eragiten Bergarako herriari. Bergarak geroz eta gauza gehiago ditu baina oinarrizko baliabideei eta laguntza sozialei dagokionean pobreagoa da". Eta aurrekontuen lehen helburua burujabetza izan beharko litzatekeela adierazi du.