Boluko zenbait bizilagun gauzak ateratzera sartu dira euren etxeetan

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 27a, 14:29

Boluan, lur-jausiaren ondorioz etxetik kanpo dauden zenbait bizilagun udaltzainekin batera euren etxebizitzetan sartu ahal izan dira gaur goizean, beharrezko duten zenbait gauza hartzera. Ordea, ataririk kaltetuenekoek ezin izan dira sartu, eta suhiltzaileek atera dizkiete gauzak.

57, 61 eta 63 atarietako bizilagunak dira gaur goizean euren etxeetan sartu ahal izan direnak arropak eta bestelakoak ateratzera. 57ak eta 63ak ez dute kalte nabarmenik, baina, hala ere, segurtasunagatik hango bizilagunak oraingoz ezin izango dira bertan bizitzera itzuli. "Txosten teknikoek ez dute bermatzen etxe horien segurtasuna, oraindik egoera aztertzen dabiltza eta", azaldu du Udaleko zinegotzi Maite Agirrek.

 

59garren atarian, aldiz, atariko eskailera oso kaltetuta dago, eta, beraz, ez dago erabilgarri. Hori dela eta, suhiltzaileak arduratu dira bizilagunek beharrezko dituzten gauzak ateratzeaz, haien eskailerarekin balkoietatik sartuta. Peritua ere ezin izan da sartu atari horretan, suhiltzaileek hala gomendatuta. Bada, bizilagunak perituaren ikuskapen horren zain daude, aseguruarekin zer gertatuko den jakin ahal izateko.

Teilatuko lanak

Bestalde, gaur goizean eraikineko teilatuan presazko konponketa batzuk egiten aritu dira langileak. "Teilatu gainera arbolak erori ziren, eta zuloak egin zituzten; horregatik, euria etxeetara sar zedin ekiditeko, suhiltzaileek eta Teilatugain enpresako langile batzuek konponketatxo batzuk egin dituzte", azaldu du Karlos Etxanizek, 59 atariko komunitateko presidenteak. Horrez gain, egin beharreko beste lan bat etxearen atzeko aldea, maldara ematen duena, indartzea da, eta bertako zuloak konpontzea. 

Gaur egun, zazpi dira luiziaren ondorioz euren etxeetatik kanpo jarraitzen duten familiak. Horietako lau, Udalak haien esku jarritako etxebizitzetan birkokatu dituzte, eta nahiz eta horietako bi orain arte ez diren bertan bizitzera sartu, gasaren hornidura gaur prest izango dute, eta sartu ahal izango dira, Maite Agirrek azaldu duenez.

Asteburuan ere lanean

Bestalde, langileek eta makinek luiziaren mihiaren inguruan lanean jarraitzen dute. Dagoeneko erretiratu dute zuhaitz eta enbor handien gehiengoa, baina asteburuan ere lanean egongo dira. Izan ere, eraikinaren eta maldaren artean pilatuta dagoen lokatza eta arrama txikiak kentzeke daude oraindik, eta horretarako makina berezi baten beharra daukate. Makina horrek goiko trenbidetik egingo du lan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak