Bergarako parking publikoa itxi egingo dute zatika, lanengatik

Ubane Madera 2017ko urt. 27a, 08:32

Seminarioko atarian egokituko duten esparrua.

Eguaztenean, otsailaren 1ean hasiko dituzte mantenu lanak Ibargarai kaleko parkingean. Lanek irauten duten bitartean, ondoan dagoen Seminarioko atarian egokituko dute aparkatzeko gunea, 29 aparkalekurekin. 

Bergarako lur azpiko aparkalekuan mantentze lanak egin behar dituzte datorren eguaztenetik, otsailaren 1etik hasita. Hain justu ere, Bergarako Udalak jakinarazitakoaren arabera, eguaztenean eta eguenean, aparkalekuaren erdia itxita egongo da. "Hori eginda parking publikoan 32 aparkaleku erabilgarri geldituko dira, 20 plaza galduz. Otsailaren 4ean, aldiz, aparkalekua guztiz itxita egongo da, erdiko pasilloa margotu eta garbitzeko", zehaztu dute.

Mantentze lan orokorrak

Izan ere, orokorrean "euri uren hodi guztien garbiketa eta libratzea, pareten, ateen, seinaleen eta eskegita dauden hodien garbiketa, sabaien eta baranden margoketa, lurraren garbiketa eta lurreko seinalizazio horizontalaren pintaketa" egingo dituzte.
Hori guztia egiteko bizpahiru aste beharko dituztela kalkulatu dute, "eta otsailak 6 eta 12 bitarteko astean beste bi egunetan ere aparkalekua ixtea aurreikusten" dutela gaineratu dute. Data zehatzak jakin bezain laster horren berri emango dute.

29 plaza egokituko dituzte

Era berean, eta lanek iraun bitartean, Bergarako Udalak ondoan duen patioan, Seminarioko atarian, alegia, "gune bat ahalbidetuko du bertan aparkatu ahal izateko". Kopurutan, 29 plaza egokituko dituzte bertan.
Doakoa da Ibargarai kaleko lur azpiko aparkalekua. Bergararrez gainera, bertaratzen diren debagoiendar ugarik erabiltzeko ohitura dute, are gehiago udalerriaren erdialdean egonda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak