Pol-Polen lokalean obra egiteko saiakera berria

Ohiko eta ezohiko batzar orokorrak egingo ditu mendizale taldeak urtarrilaren 30ean, eta zuzendaritzak atzera ere jarriko du mahai gainean San Pedroko lokal berriko obren gaia: elkartearen kontuak ezagututa, bazkideek iritziz aldatzea espero dute.

Pol-Pol Mendi Taldearen 2017ko ohiko batzar orokorrean 2014, 2015 eta 2016 urteetako kontuak aurkeztuko dituzte –19:00etan hasiko da batzarra, bigarren deialdian, Irizar jauregian–. Bittor Alberdi presidentearen itxaropena da, horiek ezagututa, San Pedroko lokalean egin beharreko obren bideragarritasunaz jabetu eta bazkideek, oraingoan bai, onartuko dutela egoitza berria atontzeko urratsa egitea.

Izan ere, azaro amaieran egindako ezohiko batzar orokorrean ere izan zuten puntu hau gai-zerrendan. Orduan, baina, bazkideek ez zioten argi berderik eman lokal berrian obra egiteari: "Azken hiru urteetako balantzeak ez zeuden eginda. Guk azaldu genien bazegoela obra egiteko aukera, baina bazkideek balantzeak nahi zituzten aurrena. Nahi genuke orain baiezkoa esatea", dio presidenteak.

Lokalaren gaia ezohiko batzarrean jorratuko dute, ohikoaren ostean –19:45 hasiko da, bigarren deialdian–. Aukeran, obra osoa egitea, 97.706,17 euroko aurrekontuarekin, edo, oraingoz, fatxada, egitura eta bulegoak egitea, 48.824,87 euroko aurrekontuarekin. Obra osoa egiteko, 61.000 euroko mailegua ere onartu behar luke Batzarrak; hamar urtera litzateke, baina interesik gabe –partikular batek emango luke–. Batzar aurretik, lokala ikusteko aukera izango dute bazkideek, hilaren 27an 19:00etatik 20:30era eta 28an 11:00etatik 13:00etara.

Zuzendaritzarako aurkeztea

Bestalde, Pol-Pol zuzentzeko hautagaitzak aurkezteko hamabost eguneko epea irekitzea ere onartuko du Batzarrak, lau urte bete baititu egungo zuzendaritzak. Alberdik berriro aurkezteko asmoa agertu dio Goienari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.