'Ibarratik Tolosara', eta hortik sumendien lurretaraino, saio ederra Bergarako Udal Musika Bandak

Musikariak, gaurko saioan.

Alfredo Gonzalez Chirlaquek bere familiari eskainita konposatutako obrarekin hasi eta askotariko doinuekin osatu du eguerdian bandak kontzertua, Udal Pilotalekuan. 400 bat lagun izan dira saioa entzuten.

Beti sartzen du Bergarako Udal Musika Bandak autore euskaldun baten obra bat kontzertuetako egitarauan, eta gaurkoan bandako zuzendariaren beraren txanda izan da. Ibarratik Tolosara izeneko martxarekin hasi da kontzertua. Ibarrakoak ziren gonzaleztarrak, eta handik Tolosara joan ziren bizi izatera –Alfredoren aitona izan zen gero Tolosatik Bergarara etorri zena, pianoak afinatzera–, eta hortik obraren izena.

La princesse jaune izeneko obertura jo dute gero, Saint-Saensena. Japoniako musika da hori, oso doinu politak, flautekin-eta, melodia askokoak.

Hirugarren obra izan da Gordonen Unforgettable. Hau ere oso obra melodikoa, oso delikatua, oso fina jotzeko. Euren artean duo bat egiten duten bi fliskornoren eta tronboi baten arteko elkarrizketa da. Hasiera du oso melodikoa, baina amaitu samba erritmoan amaitzen da. Hiru instrumentuen arteko elkarrizketari lagundu egiten diote gainerako instrumentuek.

Caballeroren El duo de la africana zarzuela jo du gero bandak. Hainbat instrumentu talderen arteko duoa; eta nabarmentzen dena fliskornoen arteko elkarrizketa. Obra honek duen ezaugarria da erritmo aldaketa asko dituela.

Eta, amaitzeko, Terra vulcania interpretatu dute. Sumendi baten inguruko naturaren errepresentazioa da obra, teklatuekin egindako txorien txio-txioak nabarmenarazten dituena.

Egitarauan hala etorri ez arren, Ibarratik Tolosara berriz ere jo du bandak harmailetan batutako 400 bat lagunei agur esateko.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.