Azoka berezia atzera ere hilean behin egingo dute

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 20a, 14:34

2016ko urtarriletik aurrera astean behin egin dute eguazteneko azoka Oxirondon, baserritarren produktuez eta pintxo poteaz gain, ekintza bereziren bat antolatuaz. Maiztasun horrek indarra kendu diola baloratuta, lehengora itzultzea erabaki dute.

Oxirondon eguaztenero egiten den azoka berezia berriro ere hilean behin izatera pasako da. Hain zuzen, 2016ko urtarrilean, duela urtebete, hasi ziren azoka berezia astero egiten Azoka Bergaratzen proiektuaren baitan, ordura arte hilean behin egiten zenaren harrera ona ikusita.

Azoka berezi horretan, herriko baserritarren produktuak, pintxo potea eta ekintza bereziren bat antolatzen dute: tailerrak, emanaldiak, hitzaldiak... 2016. urtean azoka dinamizatzeko 8.770 euro erabili ditu Udalak. Diru horretatik 5.000 euro herriko komertzioetan erabiltzeko bonoetan banatu dituzte (esaterako, lehiaketa bat antolatzen dutenean hori izaten da saria). Gainontzekoa, nagusiki, azokaren bueltako ekintzak antolatzeko erabili dute.

Hilean behin biltzen dira azokan parte hartzen dutenak, egitasmoari jarraipena egiteko. Urte bukaeran balorazio orokorra egin dute, inkestak eginez merkatari eta baserritarrekin. Hala, atera duten ondorioa izan da astero egiteak nolabait indarra kendu diola egitasmoari. Hala, lehengora bueltatzea erabaki dute, eta hilean behin egingo dute azoka berezia, hileko lehenengo eguaztenetan, hain justu ere. Hala, otsailaren batean izango da hurrena.

Merkatarien iritzia

Azokako merkatariek diote eurek ere igarri dutela azkenaldian jende kopurua ez dela lehen bestekoa izan, eta eguraldiak eta urte sasoiak ere eragin handia duela horretan. Adibidez, eguraldi onarekin jende gutxiago animatzen dela diote; bestetik, nabarmendu dute sasoi honetan, gabon ostean, nabaritzen dutela jende gutxiago dabilela. Adierazi dute "ezinbestekoa" dela azokaren alde lan egitea, oro har herriko komertzioak herriarendako "bizitza" direlako.

Pintxo potea eta postuak astero

Azokaren bueltan antolatzen den ekintza hileko eguazten bakarrean egitera pasako diren arren, eguazteneko azokaren bereizgarri diren beste bi elementuak, pintxo potea eta baserritarren postuak, astero egoten jarraituko dute.

Hala, astero herriko taberna bana arduratuko da azokara gerturatzen direnei edatekoa eta pintxoak eskaintzeaz, eta herriko baserritarrak euren postuak jarriko dituzte, bertako eta sasoiko produktuekin.

Umeendako jardueren arrakasta

Sabino Azkaratek, Udaleko Ekonomia sustapeneko batzordeburuak azaldu du, eguazteneko azokaren balorazioarekin ikusi dutela umeei zuzendutako jarduerak izan ohi direla arrakastatsuenak eta jende gehien erakartzen dutenak, "eta hori salmentetan islatzen da", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak