Jose Migel Laskurain: "Txistuaren kultura indartu egin nahi dugu"

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 21a, 10:00

Urtetan Bergarako Udal Txistulari Bandako zuzendari izandako Ramon Etxanizek irailean hartu zuen erretiroa, eta orain Jose Migel Laskurain da zuzendari berria.

Musika munduan "mila saltsatan" sartuta dago Jose Migel Laskurain eibartarra. Orain, Ramon Etxanizi erreleboa hartuta, Txistulari Bandako zuzendari ere bada. Domeka eguerdian kontzertua eskaini zuten udaletxeko arkupetan.

Domekan izan zenuen estreinako kontzertua Txistulari Bandako zuzendari moduan.

Urritik datorren kontua da. Orduan, udalak proposamena luzatu zidan, ea Txistulari Bandaren zuzendari izateko prest egongo ote nintzen. Izan ere, Ramon Etxanizek sanmartinetan hartu zuen erretiroa. Hala, Musika Eskolan txistu irakasle nabilenez, eta urte luzez Eibarko txistulari bandan egondakoa naizenez, pertsona egokitzat jo ninduten. Orduan, egin genuena izan zen, lehenik, partaideak ezagutu, eta tarte bat hartu genuen ikusteko ea elkarrekin ondo funtzionatzen genuen, eta  baietz ikusi genuen, posible zela.

Hain zuzen, hileko domeka banatan egin nahi dituzue kontzertuak orain.

Bai. Ideia da urtean zehar hainbat kontzertu ematea, izan udaletxeko arkupetan, izan auzo desberdinetan... baita kalejirak eta bestelako ospakizunak egitea ere. Domekakoak balio izan zuen beldurra kentzeko eta herritarrei  iniziatiba hau ezagutarazteko.

Nola joan zen kontzertu hori?

Ondo. Txistulariek ez dute horrelako emanaldiak egiteko ohiturarik, eta pixka bat urduri zeuden batutako ikusle kopurua ikusita. Baina ondo joan zen.

Zein da ekimen berriaren helburua?

Entseguen eta piezen prestaketan errutina bat finkatzea, eta horren bitartez, txistua ezagutzera ematea. Txistuaren kultura Bergaran beti egon izan da, baina orain ideia da beste buelta bat ematea, gehiago nabarmendu dadin. Kontzertuetan pieza desberdinak sartzen joango gara. Esaterako, hurrengo emanaldia aratusteetan izango dugu,  eta  pieza jostalariak eta dibertigarriak sartuko ditugu: valsak, dantzaren bat... errepertorio arina eta eramangarria.

Txistua nola dago osasunez?

Herriaren araberakoa da hori. Esaterako, Antzuolan tradizio handia dago, Gervasio Legorbururen lanari esker. Bergarako Musika Eskolan duela 25 urte eskolak ematen aritu nintzen, txistua bultzatzeko apustua egin zutelako. Urteak pasata, ikusi duguna izan da txistulariek irteerarik ez zutela. Bada, orain ideia da eskolatik maila onarekin ateratzen diren neska mutilek txistua jotzeko toki bat izan dezatela Txistulari Bandan. Orduan, esango nuke txistuaren osasuna ona dela, baina stand byn dagoela. Ea indartzen dugun.

Orain ere Musika Eskolan irakasle lanetan zabiltza.

15 ikasle ditut, eta helburua da eurek txistuarekin disfrutatzea. Nik honekiko pasioa daukat, eta saiatzen naiz eurei transmititzen.

Zer edo zer gehitzerik nahi?

Udalaren, Musika Eskolaren zein Bandako kideen partetik topatutako jarrera ona eta prestutasuna eskertu nahiko nuke.

Erlazionatuak

Txistuaren doinuekin domeka euritsua alaitzen

Txomin Madina Milikua 2017 urt 15 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak