Azken zehaztasunen berri eman diete Udal ordezkariek bizilagunei, eta batzuek berri pozgarria jaso dute: 49 zenbakitik hasi eta 57ra (eskumakoak) artekoei etxera itzul daitezkeela esan diete. 57 ezkerrekoak, 59, 61 eta 63koak ezingo dira oraindik itzuli; hori bai, euren ondasunen bila joaten utzi diete suhiltzaileen laguntzarekin.
Familia horiek orain bizitzeko lekua behar dute. Gaurko gaua pasatzeko lekua bideratu dietela jakinarazi dute Udal ordezkariek: "Bihartik aurrera bilerak egingo dira Gizarte Zerbitzuekin familia bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta irtenbide egokiena emateko asmoarekin". Horren harira, Udalak bergararrei dei egin die etxebizitza hutsak izanez gero beharra dutenentzat uzteko. Horretarako Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da (943-77 91 65).
Lehentasuna bizilagunei arreta ematea izan dela berretsi du Elena Lete alkateak: "Atzo luizia izan zen momentutik, etxe bat izatea zen premiazkoa. Gaur egoera baloratu ondoren adituekin, egoeraren berri eman eta beharrezkoa zutenari irtenbidea ematen saiatu gara. Une honetan, inoiz baino gehiago, bergararrok solidaritatea erakutsi behar dugu eta horregatik, dei egiten zaie etxebizitza hutsak dituzten jabeei, etxe gabe gelditu direnei uzteko".
Behin bizilagunen beharrak aseta luizia izan den maldaren egonkortze lanak etorriko direla iragarri dute. Garbiketa lanekin dihardutela adierazi du Letek, eta halako hondamendirik berriro gerta ez dadin jarraipena egingo diotela maldari.
Boluko bizilagun batzuk udaletxeko osoko bilkuren aretoan.