Udaltzaingoa Boluko luiziaren egoera ikuskatzen egongo da gau osoan

Lur-jausia izan da Bergarako Bolua auzoan. Udaltzaingoak jakinarazi duenez goiz partean hasi da lurra jausten, baina 16:30ak inguruan handitu egin da. Hori dela-eta erabaki dute, badaezpada, bizilagunak etxeetatik ateratzea. Bideetako ingeniari baten eta geologo baten laguntza eskatu dute erabakitzeko bizilagun horiek etxera itzuli ahal izango diren edo ez. 18:30ak aldera, ostera, berriro gertatu da luizia: goiko trenbide zahar gaineko mendi malda zati bat, behera etorri da.

"Harri eta lur asko jausi da", jakinarazi dute hango bizilagunek. Eta halaxe da Elena Lete alkateak jakinarazi duenez: "Goizean jausi da lurra eta Udal langileak garbitzera joan direnean konturatu dira uste baino handiagoa zela lur-jausia".

Hori jakinik laguntza eskatu dute eta bideetako ingeniari bat eta geologo bat daude bertan larritasuna baloratzeko: "Bizilagunek etxera itzuli ahal izango duten edo ez erabakitzen laguntzeko etorri dira. Iluntzen dabil eta zaila da ondo ikustea baina horretan dihardute", zioen Letek. Suhiltzaileak bien bitartean ura ateratzen aritu dira: "Ur asko dago eta euriak jarraitzen du, hortaz, ezin jakin lurra berriro mugitu egingo den edo ez".

Bada, 18:30ak zirela berriro mugitu da lurra, eta goiko trenbidean erorita zeuden arbolak beherago etorri dira, zarata handia aterata. Ertzainek Bolua kaleko aterpean zeuden bizilagunak handik irtenarazi ditu; izan ere, minutu gutxian kalearen zati handi bat menditik behera etorri den urak hartuta geratu da.

Etxean sartzerik ez

Lur-jausiak Bolua kaleko 47tik 63 zenbaki bitarteko atariei eragin die, guztira 21 familiari. Horiek etxetik kanpo eman beharko dute gaua: batzuk Ormazabal hotelean eta beste batzuk familiartekoen etxeetan.

Plazatik gertuen dagoen ataria, 63a, izan da kaltetuena itxura batean; izan ere, bertatik ur asko atera da zenbait momentutan.

Boluko plaza azpiko garajeetan ere sartu da ura, eta ibilgailuen jabeak momentuz ezingo dira bertan sartu.

Bihar aztertuko dute ea zenbaterainokoa izan den kaltea etxebizitzetan. Dena den, bizilagun batek kontatu du bera etxean zela, lehen luizia gertatu denean, harri batek sukaldeko leihoan zuen burdin sarea apurtu duela eta harria sukaldera sartu zaiola.

Hala, larri eta urduri zeuden kaltetutako etxebizitzetako bizilagunak. Udaletik adierazi dute egoera aztertzen jarraituko dutela eta informazio gehiago izan ahala jakinaraziko dutela. Dena den, gogoratu dute edozein zalantzatarako Udaltzaingora deitu dezaketela herritarrek (943 77 91 06)

Trenbidea itxi egin dute.

Suhiltzaileak lanean, maldatik ura ateratzen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.