Aurreko asteburuan amaitu zen lehenengo itzulia bezala txapelketa bera ere lider bukatu nahi du Bergarak, datorren urtean maila bat gorago jokatuko duela ziurtatzeko, horrela. Horretarako, batez ere kanpoan hobetu beharra adierazi zuen Mikel Juaristik orain aste batzuk, eta entrenatzailearen nahia betetzen ari dela esan daiteke azken emaitzak ikusita. Hala iruditzen zaio Juaristiri berari ere: "Taldea erakusten ari da, Arrasaten bezala, kanpoan ere badakiela sufritzen, serio egoten; aukerak egiten ditugu, eta golak, etxetik kanpo ere heldutasuna hartzen ari gara".
Eta hori erakusteko beste aukera bat bihar, zapatua, izango dute mahoneroek, Ibarra futbol zelaian, 17:30ean. Sailkapen erdiko taldea da Aretxabaleta, baina bergararren entrenatzaileak dio "errespetu handiarekin" joango direla hara, derbia delako, haien kontrako partiduen aurrekariengatik, eta baita euren atzetik ligan gol gehien egin duen taldea delako ere, 31rekin –Bergarak 43 ditu–.