Iazko Euskadiko Txapelketako bigarren saria jaso dute bi bergararrek

Julen Iriondo 2017ko urt. 14a, 15:29
Urtzi Markiegi eta Lander Rejano.

Lander Rejanok 13 urte ditu eta jubenil mailako azken sailkapeneko bigarren postua eskuratu zuen 2016an. Harekin batera, Urtzi Markiegi ere izan da Euskadiko Motoziklismo Federazioak gaur Donostian egin duen galan; honek ere bigarren egin zuen, MX2an, seniorretan.

Aurreikusita gehiago izan arren, azkenean hiru proba izan zituen 2016ko Euskadiko Txapelketak: Falcesekoa, Karrantzakoa eta Ereñokoa –azaroan Bergaran egitekoa zena izan zen bertan behera gelditu zenetako bat, eguraldiagatik–. Hiru probetako txandetako –bi txanda proba bakoitzean– puntuak batuta, bi bergararrek amaitu zuten podiumean iazko Euskadiko Txapelketako azken sailkapenean, biek bigarren.

MX2 senior kategorian, aurreko postuetan ibili zen lasterketa guztietan Urtzi Markiegi, eta bi txandatan lortu zuen lehenengo hiruren artean sailkatzea, Karrantzan eta Ereñon. Azken sailkapenean hirugarren izan zen Nicolas Mietton, berez, aurretik izan zuen txanda guztietan, baina hark Ereñon puntuatu ez izanak eman zion bigarren postua Markiegiri.

Jubeniletan, berriz, maila aparta eman du aurreko urtean Lander Rejanok, sei txandatatik lautan bigarren, eta beti aurrean. Bai Markiegiren, bai Rejanoren kasuetan, bietan, sailkapen orokorreko lehenengo posturako aukerarik ez zen izan, Jon Idiakez arabarrak eta Unai Larrañaga bizkaitarrak, hurrenez hurren, txanda guztiak irabazi zituzten-eta.

5 urte zituenean hasita

Lander Rejano 5 urterekin hasi zen motorrean ibiltzen; familiatik datorkio zaletasuna: "Osabarengandik, batez ere", dio aitak. "Motorrean lehenago hasi zen bizikletan baino. Jaietako atrakzioetako batean tokatu zitzaigun motor txiki horietako bat, eta harekin hasi zen. Gero moto-kroseko beste bat erosi genion, eta horrela".

2015ean hasi zen lehiatzen, eta mutikoa pozik; arriskua da etxekoen ardura nagusia, baina Landerren aita Franciscok dio "ondo babestuta" joaten direla. Orain arte, behintzat, ez du inoiz minik hartu. Emaitzei dagokienez, aurreneko urte hartan bi modalitatetan jardun zuen: bigarren geratu zen cross country-an, eta laugarren moto-krosean. Iaz, berriz, bigarren, moto-krosean: "Ez genuen espero, baina egindako ahaleginaren ordaina izan da", dio aitak. Eta aurten, gehiago eta, ahal bada, hobeto.

Erraza ez da izango, dena den, Unai Larrañagarekin lehian jarraitu beharko du-eta Rejanok: "Larrañaga endurotik etorri da, eta mutikoa oso bizkor dabil. Horrez gain, beheragoko kategorietatik ere badatoz beste batzuk; adibidez, Albisua, Espainiako Txapelketa egin duena, eta, egia esan, aurten zailxeagoa izango da, ze horiek, esaten den modura, motorraren gainean bizi dira, ia-ia".

Adin horietan are gehiago, dena den, helburua, ondo pasatzea: "Guk lagundu diezaiokegun bitartean eta berak nahi duen artean, hor jarraituko du". Mutikoari berari galdetuta, ordea, helburu zehatzagoak izendatzen ditu: 2017rako, "Unai Larrañagari irabaztea"; etorkizunerako, "munduko onena izatea". Lehenengoa posible ikusten du; bigarrena, ametsa.

13 urte –oraintxe egin ditu, iazko lorpenak 12rekin lortutakoak dira–, ilusioa, eta argi dago ondo ikasita datorrela mutikoa. Elkarrizketaren bukaeran, eskatu du: "Jarri babesleak: onthemove.es, Gorla Motor eta Garcia garajeak".

Urtzi Markiegi ere gustura

Urtzi Markiegi ere gustura dago aurreko denboraldian egindako lanarekin: "Txapelketa oso gogorra izaten da, maila handia dago; batzuek Espainiako Txapelketa ere korritzen dute, baina nirea zaletasuna baino ez da, eta gustura". Lehenengo posturako aukerarik ez du eduki, "oso azkar" ibili delako Jon Idiakez; motor gainean pasatzen diren orduek egiten dute aldea, Markiegiren esanetan, eta berak "denbora askorik" eduki ez.

Zirkuituei dagokienez, dio denetik izan dutela txapelketan, laua, gorabehera askokoa eta bietatik duena. Berak gustukoen, gorabeheraduna, "exigenteena", eta hortxe, Ereñon, lortu zuen denboraldiko emaitza onena, bigarren postua.

16 urterekin erosi zuen moto-kroseko aurreneko motorra, eta duela zazpi hasi zen lehiatzen –29 ditu, gaur egun–. 2015ean lortu zuen emaitza onena, lehenengo amaitu zuen-eta MX2an. 2017ari begira, dagoeneko hasi da berriz ere entrenatzen, ahalik eta maila onena eman guran, beti bere aukeren barruan. Izan ere, denboraz gain, baliabide ekonomikoak ere behar direla dio: "Dirua behar da joan-etorrietarako, eta motorraren mantenurako, piezetarako-eta".

Joan-etorriez diharduenean, entrenatzeaz dihardu: "Bergarako zirkuitua ez dute astebururo zabaltzen, eta entrenatzeko Mirandaraino joan behar dugu, gutxienez; gainera, bestela ere ez da ona beti zirkuitu berean entrenatzea; bestela, bai, han azkar ibiliko zara, baina beste batean...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak