Herriko buztingileen lanak Aroztegin ikusgai

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 12a, 18:13

Bergarako Buztinzale elkarteak erakusketa inauguratuko du bihar iluntzean, eta bertan bazkideek egindako lanak ikusteko aukera izango da; horrez gain, elkartea bera ezagutzera eman nahi dute bazkideek, eta buztingintzarekiko zaletasuna sustatu.

Bergarako Buztinzale elkartekoek erakusketa inauguratuko dute bihar, egubakoitza, Aroztegi aretoan, 19:00etan. Urtero jartzen dute erakusketa sasoi honen bueltan. Urtarrilaren 22ra bitartean izango da ikusgai.

Hamar bat bazkide dabiltza orain elkartean, eta bakoitzak hiruna pieza jarriko ditu, Jesus Belaustegik izan ezik, honek 16 bat jarriko ditu eta. Lanen artean, denetarik izango da, Ana Orgaz presidenteak azaldu duenez: eskulturak, muralak... gehienak azken urte honetan egindako lanak dira".

Urte luzeko ibilbidea duen taldea da Buztinzale elkartea, datorren urtean 40 urte beteko dituelarik, eta Zabalotegiko dorrean dute haien lokala. Gogorarazi dute ateak zabalik dituztela interesa izan dezakeen edonorentzat, eta horretara animatu nahi dituzte herritarrak, "bereziki" ume eta gazteak. "Esperimentatzeko eta imajinazioa lantzeko afizio polita da", dio Orgazek.

Buztingintza ikastaroa

Bestalde, helduendako zeramika tailerra antolatu dute otsaileko zapatu goizetarako (10:00etatik 12:00etara). Izen ematea urtarrilaren 27a baino lehen egin beharko dute interesatuek, 943779159ra deituta. Prezioa 25 eurokoa da, eta plazak mugatuak dira. Orgazek azaldu du buztingintzan "lehen pausoak emateko" egokia izango dela ikastaroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak