Soraluce Bergarak garaipen garrantzitsua lortu du Labegaraietan (58-52)

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urt. 7a, 19:12

Take Coach Tolosako taldea gainditzeko talde lan sendoa egin behar izan dute bergararrek erasoan eta defentsan. Hiruko jaurtiketetan fin ibili da Soraluce BKE, eta urteko lehen garaipena lortu du, etxean.

Urtarrilaren 7a hotzak markatu du eguraldiari dagokionez, eta Labegaraietako kantxan ere nabaritu dute Soraluce Bergarako eta Take Coach Tolosako jokalariek. Hori dela eta, hasiera gorabeheratsua izan dute bi taldeek, baina jokalariak, apurka, eskumuturrak berotzen joan dira, eta lehen laurdena 16-11ko markagailuarekin bukatu dute. Bergarako taldeak markagailuko aldea handitzea lortu du hiruko on bati esker (23-15), baina, gaurkoan kamisetak alderantziz jarrita jokatu duten tolosarrek (bi taldeetako kamisetak urdinak zirelako) defentsan sakatu egin dute, eta atsedenaldian puntu bakarreko aldea izan dute bergararrek (26-25).

Hirugarren laurdenean Take Coach taldea fin ibili da erasoan, eta hiru alditan markagailua berdintzea lortu du (26-26, 33-33 eta 35-35). Hala ere, Bergarak ez die tolosarrei aurrea hartzen utzi, eta laurdena 39-36koarekin bukatu da. Azkeneko laurdenean erabaki da norgehiagoka Labegaraietan. Soralucek bi hiruko oso garrantzitsu eskuratu ditu jarraian 46-40ko markagailua jartzeko, eta etxekoak sendo mantendu dira defentsan, talde lan polita eginez. Tolosako taldeak 51-49koa jarri dute markagailua asko estutuz azken minutuetan, baina seriotasunez jokatu dute Bergarakoek, eta garaipena etxean gelditu da (58-52).

Garaipenarekin sailkapeneko azken aurreko postua laga dute Bergarakoek, eta, besteak beste, lau garaipen lortuta, Tolosako taldea gainditu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak