Fernando Cobos garaile izan da Espainiako Kopako lehen proban, 'mushing'-ean

Gari txakurrarekin batera irabazi du Bergarako Fernando Cobosek, Espainiako Kopako lehen proba, mushing-ean. Aurretik dauzkan kopako beste hiru probak ere irabaztea da bere helburua, eta Europako txapelketara edo mundialean sailkatu nahi du.

Lur gaineko Espainiako Kopako lehen proban, mushing-ean, Bergarako Fernando Cobos izan da garaile, Gari txakurrarekin batera. Galiziako A Estrada herrian jokatu zen lehen proba hori eta 6 kilometro eta 200 metroko ibilbidean, kilometro bakoitzean 3 minutu eta 15 segundo inguru eginda, guztira 20 minutu eta 50 segundoko denboran helmugaratu zen Cobos. Parte hartu zuen beteranoen II mailan irabaztea lortu zuen, beraz. Pozik dago lortutako emaitzarekin.

Kopako beste probak

Orain, Kopako beste hiru probak ditu aurretik: Madrilen jokatuko da hurrengoa hilaren 22an, otsailaren 25ean egingo da hirugarrena Burgosen, eta azkena, Tarragonan izango da martxoan. Guztietan irabaztea du helburu.

Aurrera begira

Gainera, aurretik, abendu hasieran jokatutako Espainiako Txapelketan 40 urtetik gorakoen kategorian hirugarren sailkatu zen, eta Kopako lehen proban ateratako emaitza ere kontuan hartuta, aukera asko ditu irailean Italian jokatuko den Europako txapelketarako, edo azaroan Polonian jokatuko den mundialerako sailkatzeko.

Entrenatzen jarraituko dute aurrerantzean ere Cobosek eta Gari txakurrak eta ea ba dituzten helburuak betetzea lortzen duten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.