Gabonak bueltan kirol desberdinetako txapelketak bilakatzen dira protagonistak Bergaran eta aurten ere hala izango da; kirol eskaintza oparoa izango dute bergararrek.
Gabonetako pilota txapelketa
Pilotari dagokionez, hain errotuta dagoen Gabonetako pilota txapelketa hartuko du Udal Pilotalekuak. Eguaztenean eta atzo jokatu ziren lehen finalerdiak eta gaur amaituko dituzte gainontzekoak. Partidu horietan garaile irtengo direnek lortuko dute abenduaren 30ean izango den finalerako txartela: 16:00etan hasita, barrukoa egingo dute eta 17:00etan jokatuko dituzte finalak.
Hirukoa eta txapelketa
Saskibaloiak bi hitzordu izango ditu: batetik, Gabonetako Hirunako txapelketa egingo dute, eta bestetik, infantilen eta kadeteen txapelketa.
Lehenengoa, Hirunako txapelketa, abenduaren 27an egingo dute Bergarako pilotalekuan: alebinak, infantilak eta benjaminak arituko dira norgehiagoka, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Bigarrenik, infantil nesken eta kadete mutilen txapelketak ere egingo dituzte, urtarrilaren 3an eta 4an, hurrenez hurren.
Urtea hasteko, hockeya
Aurten ere Labegaraieta kiroldegiak hartuko du hockeya: izan ere, hirunako txapelketa, lauko txapelketa eta gaztetxoendako irristaketa topaketa antolatu dituzte Hanka Labankakoek, urtarrilaren 2an. Izena emateko, abenduaren 28a baino lehen izan beharko da kiroldegian edo igerilekuan dauden kutxatan izen-emate orria sartuta.
Igor Fernandez Memoriala
Futbolean, Gabonetako gazte txapelketa antolatu dute Bergara Kirol Elkartekoek. Reala, Alaves, Lagun Onak eta Bergara lehiatuko dira torneoan. Hilaren 29an izango dira kanporaketak, Ipintzan: arabarrak eta azpeitiarrak egingo dute norgehiagoka lehenengo, 16:ooetan, eta ostean, donostiarrak eta bergararrak, 18:00etan. Finala hurrengo egunean, hilaren 30ean izango da Agorrosinen, 16:00etan hasita
Aurten gainera, txapelketaren izena Igor Fernandez Memoriala izango da, atezain eta entrenatzaile izandakoa omentzeko.
Hilaren 26an, eskubaloia
Eskubaloi Eguna astelehenean izango da Bergaran. Bi ataletan banatu dute eguna: batetik, 15:30ean, gaztetxoek jokatuko dituzte partiduak, baina, gurasoekin. Euren haurrengana gerturatzeko modu paregabea, duda barik; eta bestalde, 16:30ean, eskubaloi taldeko jokalari ohiak eta gaur egungoak arituko dira norgehiagoka. Hori guztia Labegaraietan ere.