Zorionak. Pozik txapelarekin?
Bai, batez ere, sortutako giroagatik. Oso saio polita izan zen, asko disfrutatu genuen. Kopla Barikekoek lan handia egin dute,eta horrek fruitu ona ekarri du.
Zer moduz ikusi zenituen kideak?
Oso ondo. Bi multzo daudela esan daiteke; urte askoan saltsa honetan ibili garenok, eta duela hiruzpalau urte hasitakoak. Horiek gora datozela ikusteak sekulako poza ematen dit.
Agurrak puntuagarriak izan ziren, eta zu pandero eta guzti atera zinen.
Bai. Nire kasuan, buelta dezente ematen dizkiot egin litezkeen lanei. Azkenean Alaskaren A quien le importaren bertsio bat egin nuen. Halako ariketak politak dira saioa hasteko.
Umorea izan zen protagonista.
Bai, eta egubakoitzeko saiorako formatu egokia iruditu zitzaidan, ikusle guztiengana heltzeko. Ni oso eroso egoten naiz formatu horretan, eta gai serioei baino zuku handiagoa ateratzen diot.
Nori eskaintzen diozu txapela?
Agurrean abestu nuen etxean "aingerutxo bat" utzi nuela lotan, Ume eder bat doinuaz. Etxeko mutikotxoarendako, beraz.