Altxor bat babesteko lanean buru-belarri

Bergarako Stoltz-Frères Organoaren Lagunen Elkarteak hogei kontzertu antolatu ditu 2016an, San Pedroko parrokian dagoen organoaren konponketarako dirua batzeko asmotan. Dena den, erakundeen aldetik laguntza jasotzea beharrezko ikusten dute.

Kontzertu pilatxoa antolatu du 2016an Bergarako Stoltz-Fères Organoaren Elkarteak; 20, hain justu ere. Kontzertuok Santa Marinako elizan egin dituzte, eta horien helburua San Pedro parrokian dagoen Parisko Stoltz-Frères etxearen organoaren konponketa eta zaharberritze lanetarako dirua eskuratzea.

Urtearen balorazioa egiterako orduan, bi arlo bereizi ditu Aitor Olea lehendakariak. Batetik, adierazi du antolatutako hitzorduetara jendea etortzeak eta bertatik lortzen den ekarpena "guztiz positiboa" dela. Era berean, dohaintzak egin dituztenei ere eskerrak eman dizkie. Baita, kontzertuak musu-truk ematen dituzten artistei eta haiendako gozoak ekartzen dituzten herriko gozotegiei ere.

Bestetik, baina, esan du elkartearen helburua "oso urruti" dagoela. Organoaren konponketarako lehen fasea aurrera eramateko 100.000 euro behar dituzte, eta gaur egun 32.000 euro dituzte "garbi". Urte eta erdian 36.000 euro lortu dituzte, baina zati bat organoaren endekatzea gelditzeko "larrialdizko" mantenu lanetarako erabili dituzte.

Konponketa lanak

Lehen fase horretan egin beharrekoa "organo guztia desmuntatzea eta haize ihes guztiak konpontzea" da, eta organoaren goitik beherako konponketa aintzat hartu ezkero, beste sei fase egin beharko lirateke. Dena den, hori "zientzia fikzio" gisa ikusten dute elkartean; izan ere, 420.000 euroko aurrekontua izango luke prozesu osoak, datorren martxoan 127 urte beteko baititu organoak. Michel Jury frantziarrak du esleituta organoaren zaharberritze lanetako ardura.

Instituzioen laguntzaren beharra

Elkartetik diote helburua erdiesteko instituzioen aldetik ekarpenak behar dituztela, baita enpresen aldetik ere. Udalaren laguntza badute fotokopiak edota inprimaketak egiteko. Dena den, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren inplikazioa gurako lukete, Stoltz-Frères organoa "guztion ondarea" den aldetik.

Hain zuzen, haien helburuetako bat da berau ofizialki interes kulturaleko ondare izendatzea, eta Eusko Jaurlaritzak dauka horretarako eskumena. Oleak dio San Pedrokoa "organoen munduko Botticelli bat edo Greco bat" bezala kontsideratu daitekeela, organogintzan "mugarri" bat delako.

Orain horretan zentratzea erabaki dute, eta epe motzean ez dute kontzerturik egingo. Dena den, norbaitek diru ekarpenen bat egin nahi izan ezkero, ondorengo kontu zenbakian egin dezake: KUTXA ES 90 2095 5070 7091 1532 9753. Ekarpenok zerga arintze bat izango dute PFEZaren aitorpenean.

Urteko azken emanaldia

Fernando Gonzalo organo jole donostiarraren emanaldiarekin, urteko hogeigarrena, borobildu zuen Bergarako Stoltz-Frères Organoaren Lagunen Elkarteak domekan 2016rako prestatutako kontzertu egitaraua.

Errepertorio erromantikoa eskaini zuen Gonzalok. Lehen zatian, konpositore frantses eta italiarren lanak interpretatu zituen, eta bigarrenean, lau donostiarrenak, tartean bere Aizkorriko mendizerra. Emanaldiz beteriko urtea agurtzeko, "programa anitza eta esanguratsua" eskaini zuen Gonzalok, Aitor Olearen esanetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.