Gabonak hemen ditugu dagoeneko, eta bihar gauean Olentzero eta Mari Domingi etxez etxe ibiliko dira opariak eta ikatza banatzen. Dena den, egunean zehar Bergaran ibiliko da batetik bestera, haurrekin gabon kantak abesten eta eurek idatzitako eskutitzak jasotzen.
Zapatu goizean herriko hiru ikastetxeetako neska-mutikoak kalera irtengo dira baserritar jantzita gabon kantuak abestu eta Olentzerori ongietorria egitera. 11:45ean elkartuko dira frontoian ikazkinarekin, eta handik San Martin plazarainoko bidea harekin egingo dute.
Iluntzean, berriz, 19:00etan, Olentzero eta Mari Domingi plazan izango dira umeek nahi dituzten opariak zerrendatzen eta idatzitako gutunak jasotzen.
Osintxun eta Angiozarren ere bai
Herrigunea ez ezik, Angiozar eta Osintxu ere bisitatuko ditu Olentzerok.
Goiz esnatuko da ikazkina; izan ere, Angiozarren 08:45ean irtengo da plazatik, kantuan lagunduko dioten umeekin batera, eta egunean zehar bailarako auzune guztietatik pasako da. 19:00etan plazara itzuliko da, eta umeek euren eskakizunak luzatu ahal izango dizkiote.
Osintxuarrek ere jasoko dute Olentzeroren bisita. 18:00etan jaitsiko da menditik, eta haurrak zubian elkartuko dira harekin.
Jolas parkea
Gabonek umeendako duten beste pizgarri nagusietako bat jolas parkea izaten da. Bi jolas parke izango dira, adinen araberakoak.
Batetik, abenduaren 28an, 29an eta 30ean Labegaraietako kiroldegian izango da, eta zortzi urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako jolas eta ekintzak egongo dira bertan. Egun bateko sarrera 4 euro izango da eta hiru eguneko bonua, berriz, 10 euro. Ordutegia honako hau izango da: goizez, 11:00-13:00; eta arratsaldez, 17:00-20:00.
Bestetik, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an 8 urtez azpikoendako jolas parkea izango da; kasu honetan, Udal Pilotalekuan. Sarreraren prezioa eta ordutegia Labegaraietakoaren berdinak izango dira.
Gabonak eta elkartasuna, eskutik
Azken bi urteetan bezala, San Silbestre Trail mendi lasterketa egingo dute urteko azken egunean Bergaran, Pol Pol mendizale taldeko Hankaluze Trail taldeak antolatuta. 12:00etan izango da irteera, baina, horren aurretik, 11:30ean, SanSilbestre solidarioa egingo dute Irala kalean.
Hala, ordu horretan, haurrek eta euren gurasoek lasterketaren ibilbideko azkenengo 200 metroak egingo dituzte, Peñalba ondotik abiatuta.
Lasterketa solidario honetan izen ematea librea da, baina bada baldintza bat: helmugaratzean, parte hartzaileek Gabonetako gozoren bat (turroia, mazapanak, polboroiak...) laga beharko dute Elikagai Bankuak horretarako prestatutako saskietan, beharra dutenei banatzeko.
Aurtengoa, ekimen solidario honen bigarren edizioa da, iaz egin baitzuten lehenengoz.
Elikagai bankua, Hankaluze Trail taldea, Oxirondoko aisialdi gunea eta Bergarako Udala arduratu dira ekimen hau antolatzeaz. Bada, ume zein gurasoak animatu nahi izan dituzte lasterketa motz honetan parte hartu eta euren ekarpen solidarioa egitera.