Irakurzaletasunaren bueltako eguna Jardunen eskutik

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 18a, 19:32

Herritarrak liburuei begira, goizeko azokan

Bigarren eskuko produktuen azoka egon da gaur goizean San Martin Plazan, eta, hori aprobetxatuta, Jardun Euskara Elkartekoek liburuen truke azoka egin dute beste urte batez. Haur, gazte zein helduek aurrez Jardunera eramandako liburuen truke jasotako txartelarekin, beraiek aukeratutako beste euskarazko liburu bat hartu ahal izan dute trukean.

Beste urte batez arrakastatsua izan da Jardunen euskarazko liburuen truke azoka. 50 liburutik gora eraman dituzte herritarrek Jardunera azken asteotan, eta gaur horien trukean beste liburu bana eraman dute. Hala, herritarren joan-etorria izan dute postuan.

Gainera, txartela zeukatenez gain, momentuan postu hori ikusi eta ekimenak interesa piztu dion jendea ere izan da, Jarduneko Nerea Mendizabalek azaldu duenez. Beraz, jendeak aprobetxatu du etxera joan, liburu bat ekarri eta unean bertan trukatzeko. Bestetik, antolatzaileek aukera eman dute ere liburuak euro baten truke erosteko.

Irakurketa kolektiboa

Eguerdian, berriz, Jardunek Barrenkale kalean  atzo bertan ireki zuen lokalean irakurketa kolektiboa egin dute. Zehazki, Lev Tolstoiren Zenbat lur behar ditu gizon batek? liburua irakurri dute, zatika, hamabost herritarren artean. Irakurtzera joan direnez gain, baina, istorioa entzutera ere gerturatu dira hainbat pertsona.

Liburuaren protagonista gero eta lursail gehiago eskuratze doan pertsonaia du protagonistatzat, eta erakusten du nola nahiz eta gero eta aberatsagoa den, azkenean gero eta gehiago nahi izate horrek galbidera eramaten duen.

Lehenengoa aldia izan da Jardunek halako saio bat antolatzen duena. Nerea Mendizabalek dio parte hartzaileak "gustura" egon direla, eta aipatu dutela liburua oso aproposa iruditu zaiela, luzera aldetik zein istorioari dagokionean. Hala, asko "errepikatzeko gogoz" daudela azaldu du.

Bi ekimenon helburua, herritarrak euskaraz irakurtzen zaletu daitezen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak