Hutsune handia utzi zuen Xabier Arrillaga Bengoa gazte bergararrak senideen eta lagunen artean urrian hil zenean, eta hura gogoan, kontzertua antolatu dute senideek eta lagunek. Bihar izango da, Bergarako Seminarioko karpan, 19:00etan, eta hainbat musikari elkartuko dira han.
Urria amaieran, Soraluze eta Osintxu arteko errepidean gertatutako ezbehar latzaren ondorioz hil zen gazte rockero bergararra. Eta hura agurtzeko kontzertu bat zela egokiena iritzi izan zioten: "Segituan hasi zen ideia garatzen. Izan ere, musika eskolako haren irakaslearen, lagunen eta familiakoen ustez bera omentzeko ez dago rock kontzertu bat baino ekimen hoberik", dio Unai Azkarate musikariak, Azkaiter Pelox Trioko kideak. Perkusio ikaslea zen Arrillaga, Bergarako musika eskolan, baita rockzale amorratua ere: "Rock musikari eta talde esanguratsu askoren nondik norako guztiak ezagutzen zituen eta rock musikak berebiziko garrantzia zuen Xabierrentzat".
Haren perkusio irakaslea zen Aitor Aranburuk dio ez zegoela hura bezalakorik musikaren gaineko jakintzari zegokionez: "Mutil benetan jatorra zen. Eta bere adinekoen artean musikaz gehien zekiena; musika zen haren afizioa eta izugarrizko jakin-mina zuen". Azken kontzertua ekainean eman zuen musika eskolako gainerako kideekin batera Laino skate parkean: "Gurekin, Azkaiter Pelox Trio taldearekin, batera jo zuten orduan eskolako ikasleek, eta Xabierrek, perkusioa jo ez ezik kantu asko abestu zituen".
Talde askotako musikariak
Oso kontzertu berezia izango da biharkoa. Azkaiter Pelox Trio taldea erreferente dela beste musikari mordoa elkartuko da oholtzan, besteak beste, musika eskolako kideak, perkusio taldea, Diablues & Bluecifer bikotea, Su Ta Gar eta EH Sukarra taldeetako Aitor eta Mikel Gorosabel eta Emoneko musikariak: "Geure abestiak joko ditugu, baina Xabierren gustuko beste kantu asko ere bai, Guns N' Roses eta Queen taldeenak, adibidez. Country musika ere entzungo da biolin doinuek lagun eginda eta Aritz Alustiza trikitiarekin ere gerturatuko da. Hala, perkusio taldearekin elkarlanean ibilitako asko elkartuko gara", jakinarazi du Aranburuk.
Arrillagaren argazkiak ere emango dituzte abestu bitartean eta kontzertua bukatuko dute Knockin' on Heaven's Door kantarekin: "Kanta hori izan zen hain zuzen, ekaineko kontzertu hartan Arrillagak abestu zuen azkena".