Eguenetik aurrera eskuragai Bergara Kirol Elkarteko kromoen albuma

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 12a, 15:52

Herriko hainbat goxo denda, denda eta tabernatan eskuratu ahal izango dira kromo paketeak, bakoitza euro baten truke. Klubeko hamabost taldeetako kideak daude bertan ordezkatuta.

371 kromok osatzen dute Bergara Kirol Elkarteko futbol sailak kaleratuko duen bilduma. Bertan, 2016-2017 denboraldiko harrobiko hamabost taldeak eta bertako jokalariak eta teknikariak daude ordezkatuta, alebin mailatik hasita, nagusien mailaraino. Talde horietatik hamar gizonezkoenak dira, eta bost emakumezkoenak.

Iñigo Zaitegi presidentearen esanetan, ekimen honen helburu nagusia "taldearen nortasuna lantzea" da, ume eta gaztetxoendako erakargarria den modu batean. Hala, klubak herrian duen presentzia areagotu nahi dute bilduma hau kaleratuta.

Non eskuratu

Klubeko neska mutilek aste honetan jasoko dute doan albuma, eta gainontzekoek bost euroren truke erosi ahal izango dute. Album horrek klubaren historia azaltzen duen testua darama hasierako orrietan, eta horren atzetik talde desberdinen argazkia eta jokalari eta teknikari bakoitzaren kromoa itsasteko laukitxoak dauzka.

Kromo pakete bakoitza, berriz, euro batean salduko dute, eta halako bakoitzean bost kromo desberdin datoz. Honako tokietan izango dira salgai: Tximeletan, Goxoaken, Sorgintxon, Bule tabernan, Depor tabernan, Agorrosin futbol zelaiko tabernan eta Osintxuko dendan. Gorbeat Sport enpresa arduratu da kromook ekoizteaz.

Gainera, klubeko ordezkariek aurreratu dute bilduma guztia osatzen duten lehenengoek sariak jasoko dituztela.

BKEko zuzendaritzako kideak eta harrobiko neska mutikoak, kromoen aurkezpenean, Agorrosinen.

Zapatuan, jokalariak sinatzen

Datorren zapatuan, abenduak 17, Bergara Kirol Elkarteko gizonezkoen talde nagusiak Agorrosinen jokatuko du, 15:30ean. Bada, partidua bukatzean, talde horretako zein emakumezkoen talde nagusiko zenbait jokalari bertan izango dira albumak sinatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak