Bearten talde-erakusketa inauguratu dute Aroztegi aretoan

Leire Kortabarria 2016ko abe. 10a, 15:48
Bearteko eta Udaleko kideak, erakusketa aurkezten.

Beart elkarteko kideen talde-erakusketa inauguratu da Aroztegi aretoan. Urteko azken aurreko erakusketa izango da. 47 herritarrek lan banarekin parte hartzen dute erakusketan; margolanak dira ia guztiak, eta eskultura bat ere badago. Hurrengo, taila elkartearen erakusketa hartuko du Aroztegik, eta erakusketen mailarengatik eta harrerarengatik ere, oso urte on bat itxiko du horrela Barrenkaleko aretoak.

Beart Arte Elkarteko kideek aurten egin dituzten lanak dituzte ikusgai Aroztegin. Gehienak olioak eta akuarelak dira, badira ere teknika mistoarekin egindakoak; elkarteko kideen esanetan, aurten "buru belarri" ibili dira akuarela lantzen.

Maite Agirre alkateordeak gogorarazten du aurtengo bisitari kopuruaren datuak urtarrilean izango dituztela, baina hala ere pozik egoteko moduko urtea izan dela esan daitekeela: "Artisten maila oso altua izan da. Gainera, Bergarako elkarteek ere parte hartu dute eta Aroztegin erakustea ondo etortzen zaie indarberritzeko".

'Amama' filma eta Valleko Kondea

Bestalde, aurten Aroztegiri eman dioten ukitu bereziarekin ere pozik dago Udala: "Aroztegin artea diziplina askotan agertzen da, baina aurten, kultura modu zabalean landu nahi izan dugu. Horretarako, adibidez, Amama filmean agertzen ziren koadroak ekarri ditugu, Kirmen Uribek poema bat irakurri zuen, biolontxelo emanaldia egon zen… hau da, artea beste arlo batzuekin uztartu nahi izan dugu". Beste adibide bat Zientzia eta Teknologia Asteko ekintza bat Aroztegin egin izana da: "Kulturako beste arlo batzuetarako ere espazio hori aprobetxatu nahi izan dugu, eta apustua ondo irten da".

Bereziki harrera ona izan duten erakusketen artean dago Valleko Kondeari eskainitakoa, azaroan; Bergarako argazkilari haren lana erabilita, Bergarako historia kontatzen zen. Maite Agirrek honako hau dio: "Herritarren aldetik oso-oso harrera ona izan zuen; dagoeneko Eskoriatzatik eta Bilbotik eskatu digute erakusketa hori, eta asmoa da urtarrilean edo otsailean Eskoriatzara bidaltzea".

Agirrek laburbiltzen duenez, "urtetik urtera gero eta bisitari gehiago izaten ditu Aroztegik; leku erakargarria da Bergarako eta kanpoko jendearendako".

Emakumeen parte-hartze handiagoa

Datorren urteko egutegia "erdi itxita" dago (Udalak eta Bergarako elkarte batzuek osatutako mahai batek aukeratzen ditu erakusketak, deialdia egin eta gero) eta emakumeari presentzia handiagoa ematea da helburuetako bat, izan ere, aurten nahi baino emakume gutxiagoren erakusketak izan dira (deialdira ere gutxiago aurkezten dira). Horrez gain, urteko hilabete guztietan egongo da bergararren erakusketa bat.

Erlazionatuak

Bearten erakusketa Aroztegin

Leire Kortabarria 2016 abe 10 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak