Partiduko, batez beste, ia hiru gol sartuta, lider

Agorrosindik punturen bat eraman duen azken taldearen –Soraluze– aurkako partidua, aurtengo urtarrilaren 9an.

Preferenteko taldea markak hausten ari da: Agorrosinen ez du galdu 2015eko azarotik –Urolaren kontra–, eta aurtengo urtarriletik etxeko puntu guztiak irabazi ditu. Denboraldi honetan, 11 gol soilik jaso ditu, eta 34 sartu; azkenekoan zazpi, Zestoari.

Futboleko mutilen Erregional Preferente mailan hamabi jardunaldi jokatu dira dagoeneko, eta Bergararen zenbakiak ikusgarriak dira; batez ere etxean ateratako puntuei dagokienez –iaztik datorren bolada ona–, eta baita sartutako eta jasotako golei dagokienez ere.

Deigarriak aurreko asteburuko jardunaldian Bergarara laugarren sailkatu gisa zetorren Zestoari sartutako zazpi golak (7-0); are deigarriagoa kontuan izanda beste zazpi ikusiak zituztela zaleek Agorrosinen hiru partidu lehenago, Beasainen kontra, urri amaieran (7-1).

Gol gehien sartu dituen ligako taldea da Mikel Juaristirena, nola ez, 34rekin; bederatziko aldea ateratzen dio bigarren gol gehien egin dituenari, Aretxabaletari. Baina asko sartu eta gutxi jaso, gainera; 11rekin, hiru taldek bakarrik jaso dute bergararrek baino gol gutxiago; Zestoaren kontrakoarekin, denboraldi honetan hiru aldiz utzi dute hutsean atea –Tolosak sartu zizkion hiru, baina beste inork ez gol bat baino gehiago–, eta horri garrantzia berezia ematen dio entrenatzaileak: "Golak ez jasotzeak ematen ditu puntuak; zuk sartu bai baina besteak gehiagotan asmatzen badu, ez dago punturik", dio Juaristik.
Kontrarioaren atean aukerak egin eta asmatzeak laguntzen du, dena den; Tolosak hiru sartu zizkion hartan, kasurako, irabazi egin zuten mahoneroek, lautan asmatuta. Hori kanpoan izan zen, baina denboraldiko 34 goletatik 26 etxean sartu dituzte. Etxean ari da bereziki ondo taldea: "Taldea konfiantza hartzen ari da poliki-poliki; baloiarekin gero eta gauza gehiago ateratzen zaizkigu, bilakaera ona da. Etxean soltura handiarekin jokatzen ari gara, eta emaitzak onak dira".

Golik sartu gabe bi alditan baino ez da geratu Bergara denboraldi honetan, Idiazabalen eta Zumarragan, eta albiste ona da golak egiterakoan ez duela taldeak jokalari jakinekiko menpekotasunik –Zestoaren kontra, adibidez, Asis Peñak bakarrik sartu zituen bi–: "Hiruzpalau jokalari ditugu lauzpabost golekin; atzeko lerrokoek ere sartzen dituzte, estrategian ere oso indartsu gaude".

Kanpoan hobetzeko gogoa

Etxeko zenbakiak ikusgarriak badira, ez dira txarrak kanpokoak, nahiz eta bai hobetzeko modukoak –sei partidutan garaipen, berdinketa eta porrot kopuru bera–; eta hori lortu nahi luke orain bergararren entrenatzaileak: "Agorrosingo berezitasuna da belar naturala, zelai handia... Nahi dugun horretara iristeko konfiantza badugu bertan. Kanpoan ez dugu konfiantza maila bera, zerbait badago hor".

Eta hobetzea garrantzitsua litzateke; hor daude iazko zenbakiak: etxean bost puntu soilik galduta –Urolaren kontra bederatzigarren jardunaldian eta Soraluzerekin hamabosgarrenean–, goiko postuetako borrokan ibili zen azken unera arte Bergara, eta hori ez zuela lehen itzulian etxetik kanpo irabazi. Kanpoan finago ibili izan balitz...

Liga erdira urreratzen ari diren honetan, beraz, oraingoz ondo doaz gauzak aurten. Mikel Juaristik dio gaur egun lider egotea "anekdota" dela, garrantzitsuena dela taldearen "dinamika" ona dela: "Nola irabazten ari garen, sentsazio onak ditugula, taldea konfiantza hartzen ari dela... Eta konfiantza horrek eramango gaitu hor egotera". Ez du ezkutatzen helburua mailaz igotzea dela, baina ohartarazita "oso zaila" dela, kategoria "oso orekatua" dagoela. Pausoz pauso; hurrengoa, Getariakorekin, Orion, domekan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.