Irune Galarraga: "Nire esperientziatik, lagundu nahi dut bergararren beharretan"

Julen Iriondo 2016ko abe. 9a, 15:17

Karguari uko egin dion Iñaki Arregi (EAJ) ordezkatuko du udalbatzan. Soraluzetarra, 13 urte daramatza Bergaran; lanbidez Aita Menni ospitaleko erizain zuzendaria da. Abenduko osoko bilkuran hartuko du kargua.

Nola hartzen duzu ardura berria?
Ez nuen espero tokatuko zitzaidanik, baina animoz eta ilusioarekin nago. Niretzako erronka da, erronka interesgarria; pertsona baikorra naiz eta ahal dudan gehiena laguntzeko prest nago, hori da nire helburua.
Udal kudeaketan edo politikan aurrez esperientziarik bai?
Ez. Zerrendetan gehiagotan joan izan naiz, baina gehiago ez. Kudeaketan dudan esperientzia nire lan arlokoa da.
Ze arlotan nahi zenuke zure ekarpena egitea?
Ni erizaina naiz eta duela zortzi urtetik zuzendaritzan dihardut; eta hori dut gustuko, gizarte arloa. Hor nire ekarpena onuragarria izan daitekeela uste dut, nire esperientzia arlo horretakoa delako. Gainerakoan, beste kideek badaramate urte eta erdi agintaldian, eta ingurukoen esperientziaren laguntzarekin egokituko naiz dagokidanera.
Eta ardura berriak zer emango dizula uste duzu?
Herriaren kudeaketa nolakoa den barrutik ikusteko aukera. Orain arte beti kanpotik begiratu dut, eta kanpotik erraz ikusten da beharrak-eta zeintzuk diren. Orain, barrutik saiatuko naiz nik ikusten ditudan hobetu beharreko gauzak hobetzen. Eta ikasi egingo dut; denek esaten didate bizi beharreko esperientzia dela. Jendearekin lan egiteko gogoa dut, herritarren beharrak ezagutu eta nire esperientziatik laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak