Gabonetan jendea herrian ibil dadin nahi du Udalak

Egitarau oparoa prestatu dute, askotarikoekin, "bergararrek herrian geratu eta bertan kontsumi dezaten". Kultura eta kirol ekitaldi eta sasoiko ohiko pertsonaien irteerekin batera, Laboratorium museoak ere antolatu ditu ekintzak, dibulgazio saioak tartean.

Kultura ekitaldiei dagokienez, hilaren 26an izango da aurrenekoa, Baserrian Amets, 3 eta 6 urte arteko umeentzako antzezlana, Eidabe taldearena. Patatak eta arrautzak dendatik datozela uste duen neskatoa da protagonista, eta asteburua amonarekin baserrian pasatuta ikasiko du nondik datozen elikagaiak. 17:00etan izango da, Zabalotegin eta 4 euroko sarrerarekin.

Leku eta prezio berean, hilaren 28an Haizearen herrira ikuskizuna izango da, bi pertsonaia ezagunekin: "Pupu eta Lore poz-pozik daude, aitona Manolo etorri baita bisitan, bere gitarra, kantu eta jolasekin. Gauza oso gutxirekin, mundua dantzan jartzeko kapaz da aitona Manolo: musika eta irudimen apur bat", diote saioaren azalpenean. Berriki hildako Imanol Urbietaren kantuak ditu oinarri ikuskizunak, "haurrek eta aitona-amonek elkarrekin jolas egin dezaten propio sortuak". Bi emanaldi izango dira, 16:30ean eta 18:30ean.

Zabalotegikoekin amaitzeko, Oliver magoaren saioa izango da urtarrilaren 8an, 17:00etan
Laboratorium museoak antolatuta ere hainbat ekintza egingo dituzte Gabonetan. Azkenekotik hasita, familientzako irteera ornitologikoa egingo dute Salburuara, eta Arabako Zientzia Naturalen Museora bisita ere bai, urtarrilaren 3an; abenduaren 30ean, berriz, ugaztunak gaitzat hartu eta familientzako tailerra egingo dute Laboratorium museoan bertan, 10:30ean; eta hauen aurretik, abenduaren 27an, dibulgazio saioa egingo dute Manu Hernandezekin: "Iaz izan zuen arrakasta ikusita berriz ere gonbidatzea pentsatu dugu. Esperimentuak egiten ditu, gauza praktikoak, eta zientzia bidez esplikatzen ditu", dio museoko Rosa Errazkinek. Familiei zuzendutakoa izango da saioa, eta 12:00etan hasiko da. Hiru gauzotarako izena eman behar da, laboratorium.eus helbidean.

Eta hauekin batera, kirola ere izango da –hiruko saskibaloia hilaren 26an eta 27an; San Silbestre solidarioa 31n; lauko hockeya urtarrilaren 2an; eta infantilen saskibaloi torneoa 3an eta 4an–; Olentzero eta Mari Domingi, nola ez, hilaren 24an –Osintxun eta Angiozarren ere bai–; eta Errege kabalgata urtarrilaren 5ean –Elosuan baita ere, ipuin kontaketa ostean–.

Ume eta gaztetxoentzako Bedelkarrek jarritako atrakzioek eta jolas parkeak –abenduaren 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an osatzen dute Gabonetako eskaintza –egitarau osoa: goiena.eus/bergara helbidean–.

Ondare, Kultura eta Jai batzordeko buru Maite Agirrek egitaraua aurkezterakoan adierazi du bergararrak herrian geratzea eta bertan kontsumi dezaten nahi dutela, bide batez, antolatutakoekin.

Erlazionatuak

Argiak piztuta hasiko da "ekintzaz beteriko" Gabonetako egitaraua Bergaran

Bergara

Argiztapena esleitu egin dute aurten lehenbizikoz, eta Maycolux enpresak jarriko ditu argiak datozen hiru urteetan. Gaurtik aurrera, egitarau oparo...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.