Bergarako Arte Elkarteak erakusketa irekiko du gaur Aroztegi aretoan

Duela urte batzuk elkarteak Aroztegin egindako erakusketa.

Bergarako Arte elkarteak urtean zehar egindako artelanen erakusketa irekiko du gaur. Bertan, kontsakratutako artisten zein hastapen fasean dauden kideen lanak ikusi ahal izango dira. Margolanak izango dira nagusi, baina eskultura batzuk ere egongo dira.

Aroztegi aretoak Bergarako Arte elkartearen lanen erakusketa jasoko du. Gaur 19:00etan inaugurazio ekitaldi xumea egingo da, eta, hortik aurrera, abenduaren 18 arte,  martitzenetik domekara bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa.

50 artista inguru

Elkarteko bazkide diren 70 pertsonetatik, 50 inguruk hartuko dute parte erakusketan, eta bakoitzak artelan bat izango du erakusgai. 

Elkarteko lehendakaria den Juanjo Altunaren esanetan, parte hartuko duten kideen artean jubilatuen profila da nagusi, baina jende gaztearen presentzia ere egongo da. Horrez gain, lan guztiak ez direla pintura diziplinaren barruan sartuko esan du Altunak: "Iaz baino lan gehiago egongo dira, gehienak margolanak. Hala ere, elkarteko kide diren eskultore batzuen lanak ere bertan ikusi ahal izango dira". 

Teknika eta estilo ugari

Margolanei dagokionean, olio-pinturak izango dira nagusi, baina akuarelekin egindako lanak ere egongo dira. Lan horiek,    hainbat estilo jorratzen dituzte, tartean, paisaiak, denetariko bodegoiak eta konposizio ezberdinak. 

Eskulturen kasuan, hiru izango dira Aroztegin ikusi ahal izango direnak. "Horietako bi eskultura tridimentsionalak izango dira, eta paretan egongo dira eskegiak", gaineratu du.

19:00etan inaugurazioa

Gaurko irekiera ekitaldian, Bergarako Arte elkarteko kideek erakusketaren aurkezpen txiki bat egingo dute, aldi berean, herritarrei gonbitea eginez. 

Martitzenetik ostiralera, erakusketa arratsaldez egongo da irekia (18:00-20:30). Zapatutan, berriz, goiz (12:00-14:00) eta arratsaldez (18:00-20:30) egongo da zabalik, eta domeketan, goizez   (12:00-14:00) bakarrik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.